Artiako Lagunak taldeak, (Red Ciudadana de Sevilla ez ezik, Eguzkik, Ekologistak Martxan, Bidasoaldeko Lagunak, Gure Esku Dago Irun, Balazta, Kalapie, Stop Accidentes eta EquoBerdeak-ek laguntzarekin) joan den abenduaren 23an Irungo udalbatzan aurkeztutako mozioa onartua izan ondotik, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez ditu eskatutako bermeak aurkeztuta ere, legea beterazi Juan Thalamas Labandibar kaleko Arenas Carrilloko autobus geltokiaren zatian. Ezta bertatik Behobiaraino doan errepide zatian ere. Gaur egun 70 kilometro orduko abiadura muga mantentzen da bertan, «seinaletikan arau-hauste garbiak» ematen direlarik gainera.
Irailan hasitako borroka joan den abenduaren 23ko Irungo udalbatzan ahobatez onartutako mozioarekin bukatutzat emana zuen Artiako Lagunak taldeak. Baina udalbatza hartan, Juan Thalamas Labandibar kaleko trafikoaren abiadura muga 30era apaltzeko erabakia hartu bazen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du seinalerik aldatu oraindik.
Azken Portutik Behobiara, Artia auzoa egunero trebeskatzen duten 25.000 ibilgailuek eragiten duten kutsadura, harrabotsa eta arriskua kontuan hartuta, Artiako Lagunak taldeak «beste auzoetan duten eskubide berbera» aldarrikatu du azken hilabeteotan auzotarrentzat. Eta aldundia abiadura 50era apaltzeko prest agertu bazen ere, 30 eremua ezartzeko, Udalak eskaera ofizialki egin beharra zuela jakinarazi zien.
Hala, udalbatzan onartuta eta behar urrats administratiboak eginda ere, gaur da eguna, aldaketarik ez dela eman. Alazne Izulain, Artiako Lagunak taldeko kideak azaldu digunez, Irungo Ertzain-Etxean salaketa jarri dute Aintzane Oyarbide Bide Azpiegituretarako diputatuari legez bete beharrekoa bete dezala exijitzeko.