Iratxeren Lagunak taldeak elkarretaratzea deitu du urtarrilak 14 honetan (19:00etan) Irungo San Juan plazan. Eta ez da datozen asteetan egingo duten mobilizazio bakarra. Izan ere, datozen egunetan utziko du Frantziak Iratxe Sorzabal irundarra Espainiaren esku. Hilaren 15etik 21era arteko epe horretan gauzatuko da estradizioa euroagindu baten baitan. Madrilgo espetxe batera eramango dutela uste dute euskal presoaren gertukoek, hala jakinarazi die Xantiana Cachenaut abokatuak.
Iratxeren egoera salatu nahi dute, hau onartu duten lehen estradizioa izanik, beste bi eskaera ere dituelako. Eta frogatua geratu delako akusazio guztiak torturapean egindako adierazpenetan oinarrituak direla. Frantses justiziak hala aitortu du, baina hala eta guztiz ere prozedurarekin aurrera segitu dute.
Madrilgo Audientzia Nazionalean epaituko dute otsailaren 7an eta 8an, eta horren aurretik ere, manifestazioa egingo dute Irunen otsailaren 5ean.
Torturari buruzko dokumentala
Bestalde, hilaren 21ean (19:00etan) ‘Bi arnas’ dokumentalaren proiektua aurkeztuko dute Irungo EKT elkartean. Ilusio handiz baina baliabide eskaxekin egindako proiektua dela iragarri dute, baina Iratxe Sorzabal eta bere amaren adierazpenak biltzen ditu besteren artean, torturak azalerazi eta memoria eta justizia hainbestetan aipatzen den garai horretan, errealitate gordin horren azalerazteko helburuarekin. Proiektua sustengatzeko diru bilketa kanpaina abian jarriko dute itsulapiko.eus plataforman.