Urte berriarekin irratsaio berria estreinatuko dugu Antxeta Irratian. Bidasoaldean hainbat historia ikerketa egin ditu Denis Álvarez historialari hondarribiarrak urteotan. Inesa de Gaxen eta sorginen ehizatik hasita edota Jaizkibel mendian egindako erdi aroko errota harrien aurkikuntza ditugu horietariko batzuk.
Baina oraingo honetan, historia ezagutu eta musikaz gozatzeko parada proposatuko digu MetalAroa irratsaioan. Bi astetan behin, asteazkenetan 13:00ean eta antxetamedia.eus atarian podcast gisa entzungai izango dugun saioan, bere metal musikarekiko zaletasuna eta historia uztartuko ditu. Termopilak, Espartako eta Erromako historia, Eskoziako historia, Napoleon edota II. Mundu Gerla izango ditu hizpide, besteak beste.