Urtarrilaren 13an anbulategien atarietan elgarretaratzera deitu dute SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Osasun publikoko Lehen Arreta zerbitzuek bizi duten gainkarga eta itolarri egoera salatuko dute. Arazoa estrukturala dela diote, baina pandemiak agerian jarri duela. Era berean, pandemiaren seigarren olatuari aurregiteko bideratutako baliabide eskaxa leporatzen diote Eusko Jaurlaritzari. Urtarrilaren 23an ere, EAEko hiriburuetan manifestazioak deitu dituzte.
Irunen, ostegun honetan Erdiguneko (Hermanos Iturrino zenekoa) eta Dunboako anbulategietan deialdiak luzatu dituzte. Eta Podemos Ahal Duguk bat egiteaz gain, Osakidetzak lehen arreta zerbitzua indartu dezan sinadura bilketa abiatu berri du. Eukene Lopez, Irungo Podemos Ahal Duguko ordezkariak azaldu digunez, «onartezina da urrian 4.000 osasun langileen kontratuak ez berritzea, eta aldi berean jubilatuei bolondres lan egiteko deia luzatu izana pandemiari neurri hartzeko».
Egoera horretara iritsi garen heinean, herritarrak indarrak biltzeko unea dela sinistuta daude. Eta horregatik, Eusko Legebiltzarrean aurkezteko sinadura bilketari ekin diote. Hurrengo bi asteetan zehar, astelehenetik ostiralera 17:30etik 19:30era Zabaltza plazan, eta larunbata goizetan 11:00etatik 13:30era Urdanibia plazako azokan informatzeko eta sinadurak biltzeko mahaia jarriko dute. Eta kanpainaren berri ematen duten karteletan eta eskuorrietan ere, www.podemos.eus atarira daraman QR kode bat ezarri dute, internet bidez sinadura erregistratu ahal izateko ere.