Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoa berritzeko, Osakidetzako zuzendari nagusiak abenduaren 15ean izenpetutako 4,7 milioi euroko kontratazioa bertan behera utz dezala exijitu dio gaur Osasun Bidasoa Plataformak Gotzone Sagardui, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari. Construcciones Adolfo Sobrino SA enpresari esleitu diote kontratua, eta aurreikusia zen bezala, 18 hilabetez Bidasoa Ospitalea ebakuntza gelarik gabe, eta oinarrizko hainbat zerbitzu Donostiako Onkologikora berbideratzea ekarriko du honek.
Joan den abenduaren 11n Irunen egindako manifestaldian milaka lagunen oihartzunari entzungorrarena egin, eta «herritarren iritzia kontuan hartu gabe, kontratazio prozesu ilun, inprobisatu eta inposatua» eraman dutela salatu dute. Izan ere, proiektuaren berririk argiki eman gabe aurrera segitu dute (Hondarribiko Udalak gaur bertan jakinarazi baitu Sagarduiri proiektuaz informatzeko bilera eskaera luzatu diola), plataformak denen adostasuna lortzeko negoziazio mahai baten eratzea eskatu duen bitartean.
Zumarragan bai, Bidasoan ez
Plataforma harriduraz ikusten du, aldi berean, nola egin diren gauzak Zumarragako Ospitalea birmoldatzeko plangintzan. Lizitazioa gelditu zen, eta solairu berri bat sortzeko prozesua irauli egin zuten. «Hau da, gure plataformak aldarrikatzen duenaren ildo beretik jokatu dute Zumarragan, ez dugu ulertzen han egin daitekeena zergatik ezin den Bidasoako Eskualdeko Ospitalean egin. Politika kontua al da?» galdetzen dute plataformatik.
Egoera honen aurrean, plataformak bere baitan bildu duen gizarte eragile andanaz gain, eskualdeko talde politikoekin ere bildu egin da azken asteetan. Eta gehiengo baten babesa lortu du. Izan ere, gaurko agerraldia, Irun eta Hondarribiko EAJ alderdiek ez ezik, proiektu honengatik hunkituak diren Irun, Hondarribia, Bera, Lesaka, Etxalar, Igantzi eta Arantzako gainerako talde politiko guztiek babestu egin dute.
Komunikatu osoa Antxeta Irratian baizik ez duzue entzun ahal izango.