Maila goreneko pilotakadak itzuliko dira Daniel Ugartera bi urte ondoan

Antxeta Irratia 2022ko urt. 6a, 00:00

Pandemiaren ondorioz iaz ezeztatu zen Hendaiako Bixintxo bestetako pilota gaualdia berreskuratzeko esperantzaz lanean ari da Endaiarrak pilota elkartea egunotan. Heldu den urtarrilaren 28an, Elezkano II-Zabaleta eta Laso-Imazen arteko kartela dute begiz jota, baita aitzinetik jokatuko den promozioko Salaberria-Erostarbe eta Larrazabal-Salaverri promozioko partida ere jokatuko da. Mila ikusle inguru bildu ahalko dira harmailetan, COVID19ari aurregiteko neurriak aldatzen ez badira ere, murrizketa gehigarririk ez baititu herriko etxeak aginduko. Eta honen babesari esker, sartzeak 20 eurotan besterik ez dira.

Mikel Larralde, Endaiarrak elkarteko presidenteak azaldu digunez, azken bi urteak zailak izandu dira pilota munduarentzat, eta elkarteak 10 bat jokalari galdu ditu ere, baina gaur egun 150 lagun inguru ari dira pilotan behar neurriekin, baina trebatzen eta emaitza onekin jokatzen ere.

Halere, Behe Bidasoa 100.000 bat biztanleko eskualdea izanik, pilotaren harrobiaren egoera «beldurgarria» dela aitortzen du Larraldek. «Oso jokalari gutxi daude, eta eskoletara eramateko eta eskualdeko beste pilota elkarteekin lankidetzan pilota eskolari bultzada baten emateko proiektua bagenuen pentsatua, baina pandemiarekin dena gelditu egin da», esan du. Xehetasun guziak eman dizkigu ondoko elkarrizketan.

OHARRA: Pilota gaualdirako sarrerak erreserbatzeko (partida egun berean ordaindu daitezke), Iparraldetik 0687 53 73 13 eta Hegoaldetik (0033) 687 53 73 13 deitu edo whatsapp bidez datuak eman daitezke. Eta emailez ere, erreserbak egiteko endaiarrak.euskalpilota@orange.fr

 

Erlazionatuak