Urruñarrek migranteak gau batez beren etxeetan aterpetu ditzaten deia luzatu du CCAS zentroak

Antxeta Irratia 2022ko urt. 4a, 00:00

Urruñako herriko etxeak giza eskubideen defentsan, etorkinei harrera duin bat emateko konpromisoa hartu du. CCAS (Gizarte Ekintzarako Zentroaren) bitartez, Urruñako biztanleak informatuko dituzte, haien etxeetan migratzaileak gau batez errezibitzeko. Elkartasun ekimen hau, Bidasoako Etorkinekin elkartearekin lankidetzan eginen dute.

Izan ere, gure eskualdera iristen diren migratzaileei harrera duin bat ziurtatzeko, Hendaia, Biriatu eta Urruñako herriko etxeak, neurriak hartzen hasi dira. Eta horren baitan, Bidasoa Etorkinekin elkarteak, Urruñako herriko etxearekin adostu du, pertsona migratzaileak laguntzeko informazioa zabaltzen has daitezen. Kristine Artola, Bidasoa Etorkinekin elkarteko kideak esan digunez, muga erabat blokatua dago, eta Irundik Hendaiara bidea jarraitzea lortzen dutenek ere nekez heltzen ari dira Baionako pausa zentrora. Hortaz, kale gorrian gera ez daitezen, eta atseden hartu ahal izateko, “Irun eta Baiona arteko bidean oztopoak desagertu ezean” ezinbestekoa da herritarren babesa.

Bestalde, Urruñako gizarte ekintzarako udal zentroarekin lankidetzan, haur eta helduendako neguko arropen bilketarako permanentzia bat ireki dute. Berokiak, zapatak, eskularruak eta txanoak behar dituzte, migrante anitz “txankletetan” heldu direla ohartu baitira Harrera taldeko bolondresak. Arropak biltzeko astelehenetik ostiralera, goizeko 9.00etatik 12etara eta 14.00etatik 17.30etara idekia da zerbitzua CCAS-en egoitzan, asteartetan salbu. Eta beren etxeetako ateak zabaldu nahi dituenarentzat ere, CCAS egiturarekin harremanetan jarri behar da: 0559479508 telefonora deituz.