Ostegun hontan (abenduak 16) iluntzeko 20:30etan Mendizolan kulturgunean “Kaskarot” antzezlana taularatuko du ATX Teatroa-k. Familia osoari (8 urtetatik gorakoentzat) begirako lan honetan, oholtza gainean Maryse Urruty, Natxo Montero, Jon Koldo Vazquez eta Gartxot Unsain Letona elkartuko dira Zokoburuko aretoan.
Kaskarot izenak Ziburu, Donibane Lohizune edo Urruñan bizi izan ziren jendeei erreferentzia egiten die. Eta helduak baztertzen ez dituen haurrendako ikusikizuna da. Izan ere, Pipi Galtzaluze eta Mad Maxen artean dabilen Aner pertsonaiaren eskutik, eta Angelugoitia izeneko herri bateko gizarte distopiko batean oinarrituta, antzerki lanak aipatzen ditu haurtzarotik nerabezarora pasatzea, desberdina izatearen beldurra eta nork bere bidea aurkitzearen zailtasuna. Hori dena umoretik kontatzen dute.