Joan den ostiraleko uholdeekin batera, gizakion hondakinak itzuli dizkigu naturak. Bidasoa ibaiaren ur emari handiak baretu direnean, itsasoratutako hondakin anitzek hondartzetan, badian eta Bidasoa ibai bazterretan amaitu dute.
Hainbat talde ekologista izan dira ohartarazi dutenak, Hendaiako hondartzan bildutako zuhaitz adar eta enbor, zein plastikozko hondakin muinoak. Eta garbiketa auzolanean egiteko deialdiak eman dira ezker-eskuin. Eskualdeko zenbait surf eskoletan klaseak eman beharrean, taulak hartu eta hondakinak biltzen aritu dira egunotan ere.
Aldiz, hondakin guztien artean ur-araztegietan eta piszifaktorietan urak azkarrago garbitzeko erabili ohi diren biofiltroak izan dira alarma gorria piztu dutenak. Hauen iturria zein den argitzeko ikerketa abian da Bidasoa ibaian gora. SurfRider Fundazioko Maria Ballesteros itsas biologak Antxeta Irratian azaldu duenez, «uretako hondakin organikoak garbitzeko dira, plastikozkoak dira eta zientoka bildu dira Hendaiako hondartzan eta Txingudiko Badian». Ura garbitzeko erabili ohi dira, baina garbitu beharrean kutsatzen dute.