Ospitale eta anbulategiak itolarrian, COVID positiboen eta osasun zerbitzuen prekarizazioagatik

Antxeta Irratia 2021ko abe. 14a, 00:00

Pandemia hasi zenetik sekulan izandako Covid transmisio mailarik handiena du une hontan EAEk eta intzidentzia-tasa 937an kokatu da astelehenean. Gipuzkoak (1.428koa) espainiar estatuko tasarik altuena du. Markel Olano, ahaldun nagusiak aitortu du ez dakiela arrazoia, baina klima edo geografiarengatik baldin bada Bizkaiarekin alde bakarra, «Ipar Euskal Herriarekin dugun harremana dela adierazi du, han ere tasa oso altuak dituztelako». Iparraldea barnebiltzen duen Pirinio Atlantikoetako departamenduan intzidentzia metatua 619 kasukoa baita 7 eguneko (Hegoaldean 14 eguneko kontuan hartzen duten bitartean).

Nolanahi ere, mugan, Irun eta Hondarribia ez dira apartekoak. Eta Behe Bidasoan ere gora egin du intzidentiza-tasak. Irunen 1.262an dago, azken lau egunetan 225 positibo berri gehituz. Eta Hondarribian ere 1.112an kokatu da, abenduaren 9tik 12ra 64 positibo gehiagorekin, eta horietatik 31 igandean diagnostikatuak.

Osasun zerbitzuak gainezka

Eusko Jaurlaritzak egoera honen aurrean, ebakuntza kirurgikoak murriztu ditu eta honekin batera lehen mailako arretarako kontsultak, eta eritasun kronikoen kontrolerako hitzorduak ere, bertan behera utziko dituztela iragarri du. Osasungintzako langileen ustez, aldiz, neurri hauen atzetik osasun sistema publikoaren prekarizazioa dago. «Ospitaletan langileak eskas dira eta kontratazio berriak egin beharko lirateke Covid kasuen jarraipena egiteko», esan du Garbiñe Darceles medikuak. Pandemiaren olatu berri honek, osasun zerbitzuak normaltasunera itzulian harrapatu gaituela aitortzen du, eta orain arte egindako behin-behineko hainbat kontratazio ez dira berritu.