Uholdeen ur emari handia aprobetxatuta, Bidasoa ibaian eta bere arroetan kutsadura isuri industrial toxikoak egin dituztela salatu dute hainbat herritarrek joan den asteburuan. Jendearen harridura piztu dute Hendaiako hondartzan asteburuan uholdeek utzitako adar, zuhaitz, enbor eta zikinkeria pilak. Baina hain agerikoak ez diren beste batzuk eraman ditu itsasoak berarekin ibaiaren korronteak eramanak.
Behobian gasoil isuriak barreiatu ditu Bidasoak asteburuan. Eta Mendeluko bizalagunek ere, auzoko erreka urdindu dela salatu dute isurien ondorioz. Enegarren aldia da Txingudiko Zerbitzuak eta Ura Agentziari abisua pasatzen diotela. Baina oraingo honetan, uholdeen ur-emaria probestu dute oharkabean errazago pasatzeko.
Eguzki talde ekologistak argitu digunez, «Mendeluko isuriaren kasuan, agerikoa da isuria kopuru handietan eman dela, baina zein produktu den eta ondorioak nekez jakin ahal izango ditugu», argitu digu Garikoitz Plazaolak. Ardura legala enpresek edo isuriak egiten dituenak ditu, baina «administrazioak ere suspenso bat merezi du, ez dituelako behar neurriak hartzen isurien iturria zein den argitzeko eta ardurak zuritzeko», salatzen du. Halere, uholdeak ematen direnean, ur-emaria handia denez zaila izan ohi dela aitortu du talde ekologistako kideak.