Ziztaka-k jauzi kualitatiboa eman nahi du, irundar ororen faboretan Kafe Antzoki bat lortzeko

Antxeta Irratia 2021ko abe. 14a, 00:00

Irungo udal talde politikoak enplazatu ditu Ziztakak, azken bi urteotan 150 lagun bildu dituzten foroetan ateratako ondorioak haiekin partekatu, eta eskuartean duten Irungo Kafe Antzoki baten proiektua babestu dezaten eskatzeko. Harreman Bira egiteko asmoa dute horretarako, eta euren txostena aurkeztuko diete dagoeneko eskatu egin dieten bileran.

Euskalgintza ez ezik, Irungo jendartea proiektura batzeko ere, #Kulturakada egingo dute urtarriletik apirilera ere. «Kulturak kalean ere presentzia behar du, eta arte disziplina desberdin baten bueltan topaketa proposatuko dugu hilero», iragarri du Ziztakako Maddi Sanzek. Ekimen honi esker, Irun euskaraz eta kulturaz blaitu nahi dute.

Aldiz, euskarak eta kulturak Irunen behar duen arnasgunea, hirierdian Kafe Antzoki moduan irudikatzen dute. Euskaldunon eta irundar guztion faboretan izango dela aurreratu dute, eta Udalaren babesa lortu nahiko lukete, baina autogestionatua.