Kalean ez ezik, migranteei aterpea eskaintzea ere aztertzen ari da Harrera Sarea

Antxeta Irratia 2021ko abe. 13a, 00:00

2018az geroztik Lakaxita gaztetxean migranteak aterpetzen zituzten garaietatik, migrante gehienentzat asko aldatu dira gauzak Irunen. Aldiz, erakunde publikoek Arretxe Gainan ezarritako harrera zentroan Gurutze Gorriak ez ditu denak onartzen. Eta urteotan ehunka lagun izan dira kale gorrian utzi beharrean, bolondresek euren etxeetan jaso edota pentsio batean lo egin zezaten Harrera Sareak ordaindutakoak ere. Joan den azaroan 16 lagun izan ziren harrera irizpideak ez betetzeagatik Gurutze Gorriak kanpoan utzitakoak.

Baina abenduaren 9tik 10era uholdeen gauak muga gorri guztiak gainditu dituela salatu du Irungo Harrera Sareak. «Ez dakigu non duten agintariek zaurgarritasunaren muga babesa eskaintzerako garaian» kexu dira. Izan ere, 16 urteko bi gazte kale gorrian utzi zituzten euri erauntsien artean. «Herri osoa alertan, Behobia alertan, dena zen aktibatua, baina beste alerta hau ez zegoen martxan», kexu dira, «bakoitzak egin dezala bere irakurketa».

Oraingo honetan, Harrera Sareko bolondresek «pandemiaren egoera eta trasmisioa Irunen zein den» kontuan hartuta, migranteak euren etxeetan ez sartzea erabaki zuten. «Gu txertatuak gaude, eta gaixotuz gero medikutara joateko eskubidea dugu, baina guk kutsatu ditzazkegu haiek ere», dio Josune Mendigutxia bolondresak. Hortaz, lagundu egin zieten kalean aterpe bat bilatzen, baina Gurutze Gorriko dispositiboaren 90 oheetatik 70 libre egonagatik ere, kale gorrian eman zuten gaua.

Egoera zein den ikusirik, eta «neguaren okerrena aurretik dagoela» Harrera Sareak administrazioak babesten ez dituen pertsona hauek aterpetu ahal izateko, lokal bat alokatzeko aztertzen ari da egunotan. «Zerbait merkea behar du, bolondresak baikara eta laguntzeko gogo gehiago ditugu ahalak baino», argitzen du Mendigutxiak lokalen bat duenari lagundu dezala eskatuz.

 

Erlazionatuak