Bidasoa eskualdean ospitale handiagoa aldarrikatzeko 2.000 manifestari bildu ziren Irunen larunbatean 'SOS Kirofanoak, Handitu, Berritu, Hobetu!' lelopean. Osasun langileek abiatu zuten borroka, ospitaleko arlo guzietako arduradunek Eusko Jaurlaritzaren berritzeko proiektuaren kontra bozkatu ondoan, hau inposatu dutelako. Aste gutxiren buruan batu zaizkie gizarte eragile anitz, ospitalea handitu, berritu eta hobetu dezaten aldarrikatzeko.
Eguraldiak laguntzen ez bazuen ere, giharrea erakutsi zuen sortu berria den Osasun Bidasoa Plataformak. Izan ere, ebakuntza gelak berritzeko proiektuaren lanak martxoan abiatuko dituzte, eta obrak behin hasita «berandu izan baino lehen» obra lizitazio geldiarazi, eta proiektu berri bat adostu eta, anartean, bi urteko obra denboran ospitaleko ebakuntza-gelak bertan mantentzeko helburua dute. Donostiako Onkologikoa ez baitago egokitua traumatologia, anestesia, laborategia, ginecologia, oftalmologia eta beste zenbait zerbitzu eskaintzeko. 100.000 bidasotarren osasun segurtasuna jokoan dagoela diote.
Bidasoa eta Oarsoaldeko ospitalea
Izan ere, Irungo eta Hondarribiko biztanleez haratago, hiru administrazioen mugaldeko ospitalea izanik, hitzarmen berezien ondorioz, Bortzirietako 8.000 herritar eta Hego Lapurdiko 4.000 mugazgaindiko langileen ospitalea da ere. Eta eskualde turistikoa denez, urtero milaka bisitariena ere. Gaur egun ospitalea eskax geratu dela dio Aritz Lizundia traumatologoak. ospitalea, Berritu behar denik ez du zalantzan jartzen, baina egungo eta 30 urtez bistako beharrei egokituz handitu beharra dagoela argi dute ospitaleko 100 medikuek. «Gerentziak esan digu gainera, Oarsoaldeko (Oiartzun, Lezo eta Errenteria) beste 55.000 herritar artatu beharko ditugula aurrerantzean ere», gehitu du plataformako kideak. Irungo Colon ibilbidean bildutako 2.000 manifestarien artean ere, kezka eta haserrea ziren nagusi. Herritarrei hitza eman diegu Antxeta Irratian.
Bestalde, Irungo Udalak ostiralean jakinarazi zuen bilkura eskatuko diola Gotzone Sagardui Osasun sailburuari ospitalearen etorkizuna zein den argitzeko. Eta Bidasoa Eskualdeko Ospitaleko gerentziak plataformarekin biltzeko eskaerari uko egin eta gero, astelehen honetan bilduko da Hondarribiko Udaleko Bozeramaileen Batzordearekin. Eta hauek plataformako ordezkariekin asteartean, egoeraren berri emateko.