Iganderarte Durangoko Azokan aurkeztu berri dituzten nobedadeak %10eko beherapenarekin erosteko aukera izango da Arrantzale Auzoan (11:00etatik 14:00etara eta 17:00etik 20:30era). Hondarribiko Euskal Liburu eta Diska Azokak bere 27garrena egiten du, eta Txomin Sagarzazu alkateak Udalak euskal egileen lanak herritarren eskura jartzeko duen konpromisoa berretsi nahi izan du. “Pentsatzen genuenean beste ikusmira bat genuela, COVID xomorro ditxosozko horrekin badirudi berriz tunelaren zulo beltz horretan sartu garela, argi euki dugu ahal den neurrian kultur agenda egokituta mantentzen saiatu beharra dugula”, adierazi du. Eguraldiak ere ez du laguntzen egunotan, baina euskal liburugintza industria Hondarribiak ez duela bere kabuz salbatuko jakina bada ere, “Hondarribiak bere hondar alea” jarriko du aurten ere.
Aurkezpen ekitaldian, urtero iazko azokan gehien saldu zuen egileak Hondarribia Saria jaso ohi du. Aurtengoan, urte hauetan guztietan daraman ibilbidea ohoratu nahian saritu dute Joxean Sagastizabal idazlea. Besteak beste, ‘Kutsidazu bidea Ixabel’ liburua berak idatzi zuen. Honek argitu duenez, eibartarra izanik ere, “bigarren geografia sentimentala” du Txingudi bailara. Aita eta osaba Irunen mugatik 200 metrora bizi baitziren 1936ko estatu kolpea eman zenean, eta Hendaiara erbesteratu ziren. Bertako Kotte Ecenarro auzapeza bere lehengusua da gainera. Eta Sagastizabal berak 1982an Hondarribiko euskaltegiaren hastapenetan klaseak eman izan zituela nabarmendu du.