Bidasoa Ospitalea berritu beharra dagoela ez du inork zalantzan jartzen. Ez Eusko Jaurlaritzak (proiektua eta lizitazioa martxan du), ezta obrak geldiarazi nahi dituen Osasun Bidasoa Plataformak ere. Kontua da, datozen 30 urteetarako bidasotarren beharrak asetzeko proiektua nahi dutela. Eta obrak dirauten bitartean, eskualdea larrialdi eta kirofanorik gabe uzteak ekar ditzakeen ondorioak. Osasun langileek dakite inork baino hobe zer suposa dezakeen 18 hilabetez zerbitzu hauek Donostiako Onkologikora eramatea. Antxeta Irratian, ospitalean traumatologo eta zirujanoa den Aritz Lizundia doktorearekin hitzegin dugu.
Gardentasun falta leporatzen diete agintariei, eta Bloke Kirurgikoko langileek proposatutako alternatibak aztertzeko mahai bat eratzeko aski arrazoi dagoela aldarrikatzen dute. Aldiz, Osasun Bidasoa Plataformak ospitaleko gerentziari egindako bilera eskaerari uko egin dio honek, eta horregatik «S.O.S Kirofanoak, Berritu, Handitu, Hobetu’ lemapean manifestaldia deitu dute abenduak 11 (larunbatean) Irungo San Juan plazatik 18:00etan abiatuta.
Bidasoa Ospitalea eskax, Onkologikoa soberan ere ez
«Alternatibak aztertu eta alde onak eta txarrak argituta, medikuentzako eta pazienteentzako hoberena erabakitzea», ez dute besterik eskatzen Lizundiak dioenez. Eguneroko lanean, obrak dirauten bitartean 4 kirofanoak atxikitzeko eraikin anexo bat eskatu dute osasun langileek. Eta irabazitako espazio hori, ondoren ospitalea handitzeko eta hobetzeko aukera emango luke.
Haien eguneroko lanean gaur egun ospitalea txikia geratu denez arazoak asko direla aitortzen dute. «Baina kirofanoak Onkologikora eramateak erantzunik jaso ez duten galdera asko sorrarazi dizkigu profesionaloi», kexu da traumatologoa. «Pazientearen eta senideen erosotasuna, operatu eta Bidasoara ekarriko omen dituzten, anbulantziak jartzeko gaitasunik egongo ote den, eta larrialdizko kirofanorik gabe, atzeraezinak diren urgentziak Donostiara bideratu beharko dituztela», asko dira kontutan hartu ez direnak.
Gainera, kirofanoek beharrezkoak dituzten laborategia, kirurjia materialarentzat biltegia, (URPA) bizkortze edo erreanimazio-gelarik ere ez dira izango Bidasoan. «Onkologikoan 10 ohe izango dira guztira, eta operazioak jasotzeko ez da nahikoa izango», argitzen du Lizundia doktoreak, «traumatologoa naiz, eta Onkologikoa ez dago prest gure patologiak jasotzeko. Galdera da zer gauza egin ahalko diren Bidasoko ospitalean, eta zer Onkologikoan. Ez dira bakarrik kirofanoak», izan ere kirofano eta aipatutako zerbitzu horiek gabe, eta larrialdiak jasotzeko gaitasunik gabe, «ospitalea anbulategi handi baten tankerako zentroa bilaka daiteke» obrak dirauten bitartean.
Hitzaldiak jendea informatzeko
Manifestaldiarekin bat egiteko deia luzatu dute medikuek, «datozen urteetan izango dugun osasun publikoa orain dago jokoan eta mobilizatu beharra dago». Anartean, hitzaldiak ere antolatu dituzte jendartea informatzeko. Lesakako herriko etxean ostegunez, eta ostiralean 18:30ean Hondarribiko Kultur Etxean