‘Aita Mari’, Mediterraneoko erreskateen drama humanitarioa pantaila handira dakarren dokumentala

Antxeta Irratia 2021ko abe. 8a, 00:00

Aita Mari dokumentala estreinatu berri dute Hego Euskal Herriko zinema aretoetan. Filmak izen bereko itsas-salbamendu ontziaren sorrera eta Mediterraneo itsasoan egiten duen lana kontatzen du, protegonisten lekukotasunak bilduz. Joan den apirilan Donostiako Giza Eskubideen Jaialdian aurkeztu zuten ‘Aita Mari’ dokumentala, eta joan den ostiralean estreinatu zuten areto komertzialetan.

Aita Marin erizain lanetan dihardun Izaskun Arriaranekin hitzegin dugu Antxeta Irratian. Europatik boluntarioen lana oztopatzeko egiten diren ekintzak erakusten ditu dokumentalak, baita itsasontziak Estella Maris zaharra zenetik Aita Mari berritua izateraino jasandako bilakaera ere, auzolanean egindako lanari esker.

Bi urtez, bertan jasotako irudiekin eta ikusitakoa oinarritzat hartuta ondu dute dokumentala. Indar handiko irudiak ekartzen ditu, Mediterraneo Itsasoan bizi duten drama humanitarioari buruz.