Euskal gatazkan atzerabegirakoa eta gogoeta proposatuko du Ander Gilleneak Hendaian irudien indarra baliatuz

Antxeta Irratia 2021ko abe. 8a, 00:00

Irudiaren ahalmena edozein dela ere tokia eta garaia, errealitatea irudikatzeko baliabide ahaltsua izan da. Eta euskal gatazkaren baitan ere, gure historia garaikidea laburbiltzeko altxorra dela erakutsiko du Ander Gillenea argazkilariak Hendaiako Baleak elkartean ostegun honetan.

Elkarte hendaiarrak antolatutako ‘Gatazka eta Memoria’ zikloaren azken solasaldiak, hitzetatik haratago irudiaren indarra aldarrikatuko baitu. Azaroaren 4az geroztik, ostegunero euskal gatazka eta historia garaikidea aztertu eta gogoetarako gobidapena luzatu dute ostegunero ikusmolde desberdin batetik. Emilio Lopez Adan ‘Beltza’ren euskal gatazkaren biktima guztien inguruko azterketa, Jon Alonsoren liburuan ‘Naparra’ bezalako kasu konkretuak, Ainara Lasarekin memoria haurtzaroaren bizipenetatik eta artelanen bidetik aztertuta, edota Joxe Iriarte ‘Bikila’ren euskal gatazkaren errelatoa eta bere aparteko irakurketa jaso dituzte besteak beste.

Azken hitzordu honetarako, aldiz, AFP eta Bostok agentzientzat argazkilari lanetan dihardun Ander Gillenea gonbidatu dute. Hiru hamarkadetan zehar hurbiletik jarraitu du euskal gatazkaren garapena, eta gure historiaren pasarteak argazkitan bilduak ditu. Baleak elkartean irudi horien bilduma proiekzio bat proposatuko du kronologikoki eskainia, eta tarteka hausnarketarako eta komentarioetarako tartea izango dela iragarri du. «Astero atentatuak zirenekotik, manifestaldi jendetsuenetara, ezker abertzalearen ilegalizazio eta herri plataformen garaietatik, ETA erakundearen armagabetzeraino... txuribeltzeko argazkiekin hasi eta argazkilaritza digitalerako ibilbidean», bildutako ehunka irudi bilduak ditu. Bere lanaren berri jaso ahal dezakezu ere, www.gillenea.com/index atarian.

Albisteko argazkia (Ander Gillenea): Ekain Ruiz etakidearen omenaldian Hernaniko udaletxearen aurrean izandako istiluetan, 2000ko abuztuaren 20ean.

Basque Country pictures Basque photographer | ANDER GILLENEA