Eskolaz kanpoko jardueretan haurrak erdalduntzen ari direlako kezka adierazi dute Txingudi Ikastolako gurasoek

Antxeta Irratia 2021ko abe. 7a, 00:00

Joan den ostiraleko Euskararen Eguna probestuta, Txingudi Ikastolako Guraso Elkarteak oharra plazaratu zuen, eskolaz kanpoko jardueretan Irungo haurrak erdalduntzen direlako kezka adierazteko. «Itxaropentsu» hartu du udalak Kalean Bai programa berritzeko martxan jarri duen prozesua. Eta honen garapena «gertutik» jarraituko duela adierazi du Guraso elkarteko Euskara taldeak. Halere, 2003an abiatutako programa orain artean «paper bustia» besterik ez dela izan oroitarazi dute, orain artean «ez duelako balio izan Irunen dauden 8.000 ikasleek, eskolan ikasitako euskara, hortik kanpoko jardueretan indartzeko. Kontrako baizik». Diotenez, eskolaz kanpoko jardueretan elkarte gehienak erdarara lerratzen dira, arautu eta politika ausartagoak egin ezean, elkarteen borondatearen baitan geratzen delako jardueren hizkuntza dinamika.

Halere, udal gobernu koalizio berriak abiatutako Kalean Bai programaren berritzeari esker, 21 elkartek euskararekiko konpromisoa berritu dute orain, eta «benetan eraginkorra izan dadin» itxaropena agertu dute 1.300ndik gora ikasle biltzen dituen Txingudi Ikastolako gurasoek. Elkarteen eta gurasoen ardurari deia egin diete era berean, eskolaz kanpoko jardueretan euskara baliatzeak duen garrantziaz jabetu daitezen. «Eskola emaitzetan eragin zuzena du horrek, eta beraz, Udalarekin, eta bereziki hiriko elkarteekin eta eragileekin zubiak eraikitzeko» lan egingo dute datozen hilabeteetan, «euskararen olatuan murgildu daitezen».