Kalean mobilizatzeko deia egin du Osasun Bidasoa Plataformak, azalpen eskaerari ezezkoa jaso ondoan

Antxeta Irratia 2021ko abe. 7a, 00:00

Azaroaren 26an bere burua aurkeztu zuen Osasun Bidasoa plataformak kalean mobilizatzera deitu du. Osakidetzak martxoan hasi nahi dituen Bidasoa Ospitaleko berritze lanak geldiarazi, eta osasun langile zein herritarrekin adostutako proiektu egokiago bat aldarrikatzen dute. Oraingo eta etorkizuneko eskualdearen beharrei erantzungo diena, eta aldi berean, obrak dirauten bitartean kirofanoak itxiaraztea sahiestu dezakeena.

Plataformaren aurkezpenean iragarri zuten, gerentziak azalpenak eman ezean, kaleak hartuko zituztela, eta bilera eskaerari uko egin die honek iada udal ordezkariekin bilduko dela argudiatuta. Hala, larunbatean, (abenduak 11) ‘SOS Kirofanoak Handitu, Berritu, Hobetu’ lemapean manifestaldia deitu dute 18:00etan Irungo San Juan plazatik abiatuta. Aurretik ere, jendartea informatzeko bi hitzaldi antolatu dituzte ospitaleko medikuen eta erizainen eskutik. Ostegunean Lesakako herriko etxean, eta ostiralean 18:30ean Hondarribiko Kultur Etxean.

Berritu ez ezik, handitu eta hobetu

Plataformatik argi dute, duela 33 urte eraikitako ospitalea eskax geratu dela. “Garai hartan baino 11.000 biztanle gehiago gara gaur egun, zaharragoak, eta populazio handitzeko aurreikuspen handienetakoa duen eskualdea da gainera”, kexu dira. Horri, Bortziriakeko 7.000 biztanleentzat, eta Hendaian bizi baina hegoalden lan egiten duten mugazgaindiko 4.000 lagun ingururen erreferentziazko ospitalea dela gaineratu behar zaio. Baita turismoak dakartzan milaka bisitarien larrialdiak ere artatzeko zentroa dela.

Halere, ospitalea berritu beharra dagoenik ez dute zalantzan jartzen. Baina Eusko Jaurlaritzatik hasita eta ospitaleko gerentziatik bukatuta, osasun langileek ere leporatu dieten informazio eskaxa salatu dute hasieratik. “Gerentziak langileen iritziaren gainetik inposatzen du proiektua, ospitaleko area guztietako zuzendariek kontra bozkatu zuten bilkuran, eta hor dira aktak”, nabarmentzen dute. Hortaz, lizitazioa onartu eta obrak hasi baino lehen, Bloke Kirurgikoak eta plataformak berak proposatzen duen proiektu alternatiboa azter dezaten eskatzen dute. Ospitalea berritu ez ezik, handitu eta hobetuko dituena.

Izan ere, ospitaleko 4 kirofanoak 18 hilabetez Donostiako Onkologikora eramateak zalantza handiak sortzen ditu. Herritarrentzako joan-etorriak ez ezik, Donostian emango den zerbitzua ez delako argi, ezta ebentualak diren Bidasoko osasun langileekin zer gertatuko den ere. Eta pazienteen kasuan, “larrialdi baten aurrean denbora kontua izan daitekeelako bizia salbatzea”. Hortaz, proiektua egokitu eta obrak egin bitartean ere, eraikin anexo batean kirofano zerbitzua mantentzea eskatzen dute. “Beste eskualde batzuetan hala egin izan dute osasun segurtasun arrazoiengatik”, diote. Zumarragan, adibidez, behin-behineko ebakuntza-gelak inposatu zituen Osakidetzak berak orain Bidasoan mediku eta erizainek aldarrikatzen duten arrazoi beragatik. “Ez dugu ulertzen nola den posible Bidasoan proiektua horrela erabaki izana”, salatzen dute.