Presa I proiektua egokitu dute etxebizitza premia gorriari erantzuteko

Antxeta Irratia 2021ko abe. 6a, 00:00

Hondarribiko udal gobernuak alokairu sozialera bideratuko diren 66 etxebizitza iragarri ditu Presa I lursailean, aparkaleku gisa erabili ohi den Biteri pareko zelaian. Txomin Sagarzazuk aurreratu duenez, Visesa sozietate publikoak eta EAJren gobernu taldeak itxi dute horretarako akordioa. Baina “udal gobernua ez da nor erabakitzeko, hori udalbatzari dagokio”, argitu du. Hortaz, abenduaren 9an aurkeztuko zaie hitzarmena gainontzeko udal taldeei, eta jeltzaleen asmoa da, hilaren 16an udal osoko bilkuran bozkatzea.

Nolanahi ere, Udalak orubea dohainik emateaz gain, eraikitze lanen %15a ordainduko du gehienez jota. Eta 2024rako eraikiak egongo lirateke 66 alokairu sozialeko etxe horiek, baita lursail horretan egokituko dituzten azaleko 55 aparkaleku plaza ere. Bestalde, Udalak 260 metro karratuko lokal bat eskuratuko luke zerbitzu publikoak bertan kokatzeko. Sagarzazuren arabera, “inguru hori zentralidadea lortzen ari baita herrian, eta zerbitzuak eskuragarri beharko ditu”.

Egokitu behar izanaren korapiloa

Proiektua egokitu behar izan dutela aitortu du alkateak. Baina herriak duen “etxebizitza sozialen premia” ikusita, baldintza beharretara azkar egokitzeko eginahaletan aritu dira hilabeteotan. Izan ere, 2018an izenpetutako hitzarmenaren arabera, PRESA I eta II eremuetan 117 etxebizitza eta PRESA I-eko lurrazpian hiru solairuko aparkalekua (errotazioko 180 plaza) eraikitzeko hitzarmena sinatua zuten Udalak eta Visesak. Baina Hirigintza Plan Orokorra (HAPO) baliogabetu izanak “dena hankaz gora jarri” duela aitortu du Sagarzazuk. Baina aipatutako proiektuaren kasuan, arau subsidiarioek etxegintza proiektua baimentzen zuen. Halerem bertan egindako azken azterketa geoteknikoen ondorioz, hasierako proiektua egokitzera behartu die. “Lurraren ezaugarriengatik lurrazpiko hirugarren solairua ezin zen egin, eta gainerakoa ere sobera garestitzen zuela ondorioztatuta, Visesak hitzarmena bertan behera uzteko eskatu zuen”, azaldu du alkateak.

Damarri urtebete barru

Bestalde, HAPO berria osatu eta onartu artean, PRESA II (Jostaldi aldamenean) ezin izango da gauzatu. Baina Txoñin Sagarzazuk Damarri eremuaren proiektuari 2022ko abenduan heltzeko erronka bota dio bere buruari. Haren esanetan, Eroski aurreko aparkalekuan etxe publikoak eraikitzeko ez ezik, PRESA I-ean egin ezin izan den lurrazpiko aparkalekua bideratzeko egokia izan daiteke.

 

Erlazionatuak