Joan den ostiralaz geroztik eta urtarrilaren 6a arte, Ttopara kultur elkarteak, Udalak eta Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteak antolatutako Jaiotzen II. Ibilbidea ikusgai dago, Alde Zaharra, Portua eta Mendeluko 13 establezimendutan. Iaz jasotako harrera beroari jarraipena eman diote aurten, hainbat merkatarik, eta Arma Plazako Interpretazio Zentroan Constantino Virtok bere garaian egindako jaiotza bat jarri dute ere, haren omenez. Jaiotzarik handiena, aldiz, Paradorearen atarian duzute. Gainerakoak, Heme-Shop, Menina, Leiza, Pascua, Malentxo, Gaztelu, Joski, Papykop, Mar, Alzaga, eta Federopticos dendetan dituzue.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “egungo eguberri globalizatuen Goliatharen aurrean tradizioa gordetzeko helburuarekin ari da lanean Ttopara elkartea”. Eta kutsu erlijiosoa badu ere, jaiotza edo naximendu hauen atzean dagoen artisten lan handia plazaratu nahi dute. Begoña Lamy, Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteko kidearekin hitz egin dugu, eta urte osoko lana dutela esplikatu digu.