2003 urtean Irun Iruten zenekoak Kalean Bai programa Irunen abian jarri zuenetik euskararen egoera ez ezik, Irungo elkarteak ere aldatu egin dira. Hala 18 urtetan eguneratu gabe egon ondoan, Euskara arloak elkarteek euskararekiko duten konpromisoa berritzeko prozesua abiatu du aurten. Miren Etxebestek, Udaleko Euskara ordezkariak argitu duenez, «zenbait elkarteen egoera asko aldatu egin da harrezkero, eta elkarte batzuk desagertu edo berriak sortu egin dira ere». Gainera euskararen egoera hirian aldatu den heinean, erabilera bultzatzeko estrategia berrietara egokitu beharra zegoela aitortu du. Abenduaren 1ean, Euskararen Eguneko «Ez Geratu Begira» egitarauaren estreinatzeko, momentuz Kalean Bai ekimenarekin bat egin duten 21 elkartek hitzarmen izenpeduran parte hartu dute, udal areto nagusian egindako ekitaldian.
Orain artean 64 elkartek zuten hitzarmena izenpetua. Baina eguneratze horretan, orain abiapuntu gisa, 25 urte arteko haur eta gazteei eskolaz kanpoko jarduerak eskaintzen dizkieten eragileekin jarri dira harremanetan. Hauek dira hitzarmena izenpetu dutenen zerrenda: Ametsa Abesbatza Kultur Elkartea, Auntxa Trikitixa Eskola, Bidasoa Atletiko Taldea (BAT), Bidasoa Judo Elkartea, Bidasoa ke (eskubaloia), Bidasoa XXI Igeri Elkartea, Eraiki Dantza Taldea, Erroibide saskibaloia, Ibarla-Meaka Dantza Taldea, Irun Rugby Taldea/Txingudi Errugbi Taldea, Irungo Txirrindulari Elkartea, Jaizubia Hipika Elkartea, Kemen Dantza Taldea, Leka Enea Mahai-Tenisa Elkartea, Mariño Kirol Kluba, My Dance Studio, Pauso-K akademia, Real Unión Club, Santiagotarrak Kirol Elkartea, Skola Musik, Txorimaloak Soinu Taldea.
Abiadura desberdinak, norabide bakarra
Udalak Antxeta Irratian argitu duenez, hitzarmenak konpromiso batzuk hartzeko borondatea adierazten du. «Baina izenpetuta ere, ez da inposatu daitekeen kontratu bat» adierazi du Miren Etxebestek. Euskara bultzatzen jarraitzeko konpromisoa berresteko gonbita egin zaie, eta haien borondatea eskertzekoa da euskara ordezkariaren arabera. «Eta bide horretan Udala bidelagun izango dute, elkarte bakoitzaren beharrei egokitutako laguntza eskainiz», argitu du.
Izan ere, elkarte bakoitzak dituen errealitate eta beharren arabera, norberari egokitutako abiaduran hartuko dute konpromiso hori. Zinegotziak azaldu duenez, «hiru mailako konpromisoa baitago. «Euren jarduera osoki euskaraz bermatzeko gai diren elkarteak daude Kemen dantza taldea bezala, baina elkartekide guztiak euskaldunak ez direnen kasuan, haurrekin euskaldunak aritzea eskatuko zaie, eta zailtasun handiagoak dituztenen kasuan, aldiz, Udalak aholkularitza, webgunea eta haien komunikazioa elebitan bermatzeko edota bestelako laguntza eskainiko die». Udalak zuzenketa eta itzulpen zerbitzua, formakuntza eta sentsibilizazio saioak ere proposatuko dizkie.
Horiek hala, Kalean Bai plana berraktibatzeko prozesua faseka egingo da. Eta elkarte gehiago biltzen joango dira aurrerantzean, «Kalean Bai unibertsoa zabaltzeko deia eginez eta elkarteen arteko saretzea bultzatuz». Hain justu, hartutako konpromisoak betetzen ote dituzten ala zailtasunak dituzten jabetzeko, Kalean Bai arraberritu honen berritasun nagusia foroak baitira. Etxebestek aurreratu duenez, partehartzaileen arteko bilerak antolatuko dituzte, denek planaren helburuak betetzeko estrategia amankomunean jartzeko. Eta foro horietan ikusiko da zertan hobetu daitekeen, eta elkarte bakoitzak non dituen gabezia eta behar handienak.