Irungo hiribideetan Foru Aldundiak inoiz egindako inbertsiorik handienak 8.000 auto jasoko ditu gaurdanik

Antxeta Irratia 2021ko abe. 2a, 00:00

Hego ingurabidearen lehenengo faseko zatia zabalik da ostegun eguerdi hontatik. Lapitzeko (Oinaurre) mendi-hegala eusteko obra injenieria lan eta inbertsio handia behar izan dute, baina 690 metro luze besterik ez da. Halere, AP-8 autobidearen paralelo, Oinaurre eta Txenperenea auzuneak lotzen ditu, eta hiru zirkulazio errailen bidez –lau arte zabaldu daiteke–, Landetxa-Katea eta Oinaurreko autobidearen lotuneko zirkulazioa bideratzeko giltzarri izango da, hiri sarbidean eman ohi diren auto pilaketak nabarmen arinduz. Txenperenea eta Euskal Herria hiribidea lotu baitira. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eginiko mugikortasun azterketen arabera, 7.000 eta 8.000 auto inguru jasoko ditu bide berri honek.

Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusiak azpimarratu duenez, «Foru Aldundiak Gipuzkoan hiribideetan inoiz egindako inbertsiorik handiena da, historikoa, eta lurraldearen orekaren aldetik, diputazioak irundarrekin duen konpromisoa berretsi ez ezik, herritarren bizi kalitatea hobetuko du». Izan ere, autobideko Oinaurreko lotune edo sarbidea egiteko eta hegoaldeko ingurabidea eraikitzeko, orotara 14 milioi euro bideratu ditu aldundiak. Azken proiektu honetan, Irungo Udalak 7.048.544 euroko aurrekontu osoaren 1.167.151 euroko ekarpena egin badu ere.

Hiria inguratuko duen errepidea

Azken 25 urteetan populazioaren emendioari dagokionez ez ezik, Gipuzkoan hirigune eta industria eremuetan gehien zabaldu den hiria da Irun. Jose Antonio Santano alkateak azaldu duenez, horrek erabateko eragina du trafikoan. Horregatik, ingurabide berri hau estrategikoa den proiektu zabalago baten lehen fasea besterik ez da. «Gaur egun Iparraldeko ingurabidea (N-1 errepidea) eta AP-8 autobidearen artean 84.000 ibilgailu mugitzen dira egunero Irunen. Horrek auto pilaketak eragiten ditu hiriaren sarbideetan.

Zentzu horretan, ingurabide honen bigarren fasean lanean jarraitzeko asmoa iragarri du Udalak. «Meakatik Blaia kanposanturaino lotura egitea da etorkizuneko proiektua, auzoen arteko konexioa hobetzeko, eta Ipar zein Hego ingurabideak borobiltzeko» gogoratu du Santanok. Duela hilabete batzuk, Tokiko Gobernu Batzarrak bigarren faseko eraikuntza lanak egiteko proiektua idazteko kontratua onartu zuen iada, eta 119.967 euroko aurrekontua onartu zuen, alternatibak aztertzeko eta eraikuntza proiektua osatzeko.