Migranteekin trafikatzen zuen Baigorriko 20 urteko gazte bat atxilotu du Hendaiako PAF mugetako poliziak Baionan. Espainiar eta frantses poliziek elgarlanean egindako ikerketari esker baieztatu ahal izan zuten, migranteak aterbetzeko Irungo Gurutze Gorriaren dispositiboaren kanpoaldean jasotzen zituela Peugeot 207 batean, eta diru baten truke Irundik Baionara eramaten zituela. Polizi-iturrien arabera, oso aktiboa zen. Izan ere, egunean hiru bidai egin izan ditu. Azaroaren 22an atxilotu zutenean, lau emakume zeramatzan.
Bere Baigorriko etxearen miaketan, 10.000 euro eskudirutan atzeman dizkiote.
Irungo Harrera Sareak dioenez, pasanteen arazoa ez da berria, eta bolondresek aspaldi ohartarazi zuten Gurutze Gorriko aterpetxearen atean zain egon ohi direla.
Anartean, Irungo Harrera Sareak 754 lagun artatu zituen azaroan San Juan plazako harreran, horietatik 200 emakume eta 24 haur. Horietatik bat ere ez da Irunen dagoeneko.