Joxe Iriarte ‘Bikila’ euskal gatazka armatuaren errelatoaz ariko da gaur Hendaian

Antxeta Irratia 2021ko abe. 2a, 00:00

Hendaiako Baleak elkarteak antolatutako ‘Gatazka eta Memoria’ hitzaldi zikloaren azken aurreko solasaldia izango dute ostegun honetan, abenduaren 2an (18:30ean). Oraingoan, Joxe Iriarte «Bikila» gonbidatu dute ‘Eman Zesarri Zesarrena’ liburuaren bueltan gogoeta egiteko helburuarekin. Euskal gatazkaren errelatoari buruzko burutazioak ekartzen ditu Bikila lan honetan, prentsan ateratako artikulu bilduma bat izanik ere, «egunero eraikitzen den errelato ofizial edo politikoa batetik, baina ezker abertzaletik ere eraikitakoa» aztergai jartzeko xedez.

ETAren borroka armatuaren jardunarekin kritiko agertu izan da askotan bera, hartu diren erabaki estrategikoekin, eta horrek arazoak sortu izan dizkiola aitortu du Antxeta Irratian. «Ez dut inoiz zalantzarik izan trintxeraren zein aldeetan nengoen, baina gauzak gaizki egiten direnean esan beharra dago», argitu du. Gaur egun EH Bilduren militantea da oraino, baina bereak bezalako iritziek plazaratzeko ez dutela erraz plaza bat ukaiten azpimarratu du, eta horregatik ere, eskertua agertu da Baleak elkarteak egin dion gonbidapenarekin.