Euskal Herri osoan egingo den mobilizazio bakarra izango da momentuz. Baina herri maputxeak bizi duen egoera tamalgarriaren berri eman eta konzientzia piztu nahi du Wallmapu Euskal Herria elkarteak. Izan ere, txiletar eta argentinar estatuen artean kokatua dagoen herri maputxea hirietan arrazismoa eta pobrezia pairatzen duen heinean, zenbait komunitatek euren arbasoen lurretara bueltatzea, eta hau babestea erabaki dute.
Horietariko bat da Lof Quemquemtreu izenekoa. Eta bertako kidea da azaroaren 19an El Bolson (Argentina, Rio Negro) herrian bularrean tirokatua izan ondotik akatu duten 29 urteko Elias Garay. Bere komunitateko beste kide batzuekin euren lurraldeetara itzuli dira, latifundista eta enpresarien esku baitaude gaur egun. Eta borroka horretan 60 bat egun daramate erresistentzia baketsua egiten.
Herri maputxearen sustenguz eta Elias Garayren omenezko elgarretaratzea abenduaren 2an, osteguna, 19:30an egingo dute Irungo San Juan plazan «Estatu argentinarra estatu terrorista!» lelopean.