Abenduan hondarribiarrek herrian bertan eros dezaten eta kontsumoa bultzatzeko helburua duen «Gabonaldia Hondarribian» kanpaina komertziala aurkeztu dute gaur Udalak eta Amuitz merkatarien elkarteak bat eginik. 31 establezimendu atxikitu dira kanpaina honetara, orain arteko markarik hoberena. Funtsean abenduaren 1etik 25era egunero «txokolatezko eguberriko egutegien antzera, denda desberdin batek bere produktuak edo zerbitzuak oparituko ditu bezeroen artean».
Merkatariak pandemiaren ondorioetaz kezkaturik agertu dira, baina «aurreikuspen handirik ezin denez egin» indarrak bildu eta halako ekimenak elkarrekin aurrera ateratzeko ilusioz lanean ari direla nabarmendu dute.
Argi berriak abenduaren 3tik aurrera
Bestalde, gabonetako kale-argiteria abenduaren 3an piztuko ditu Udalak herriko kale eta gune komertzial nagusiak girotzeko. Serranok iragarri duenez, aurten ez da aparteko ekitaldirik antolatuko, argiak piztu besterik ez.
Halere, Udalak bi urtean behin lehiaketa publikora ateratzen duen zerbitzua izanik, aurten enpresa berri batek hartu du horren ardura, eta gabonetako argiteria berria da. Egunotan ari dira azken ukituak ematen.