Irunen bezala, Eusko Legebiltzarrean ere, udalerrien autonomia errespetatzea aldarrikatu du Miren Gorrotxategik

Antxeta Irratia 2021ko aza. 30a, 00:00

Joan den ostiralean Irungo udalbatzak Ingurumen Administrazioaren Legearen erreformaren kontra ahobatez (EAJk barne) hartutako erabakia «eredugarritzat» jo du Miren Gorrotxategik, Elgarrekin Podemos-eko Euskadiko idazkari nagusiak. Bere alderdiak gobernatzen duen lekuetan «gauzak beste molde batez» egin daitezkeela erakusten duelakoan dago. Izan ere, PSE-Elgarrekin Podemos-Ezker Anitza udal gobernu koalizioak aurkeztutako mozio alternatiba izan zen onartutakoa. Hasierako mozioa EH Bilduren ekimenez eraman bazen ere.

Hala, Irungo Gure Morada egoitzan, David Nuño Irungo hautetsiarekin egindako agerraldian, Gorrotxategik gogor salatu ditu Eusko Jaurlaritzak bultzatutako erreformaren formak eta fondoa. Atzo eman diote argi berdea, heldu den abenduaren 9an Eusko Legebiltzarrean erreforma hori onartzeko. Eta gaur Miren Gorrotxategik Eusko Jaurlaritzaren eskutik eramandako "prozedura iluna eta ez zuzena" leporatu dio EAJri. Eta jeltzaleek gehiengoa ez duten udaletan, «udalbatzaren borondatearen kontra egin, eta interes industrialak ingurumenaren gainetik inposatu nahi dituela» ohartarazi du. Izan ere, legearen erreforma aurkeztu zen batzordeetan, baina horren ondoren EAJk berak autozuzendu egin zuen bere burua 108 emendakin aurkeztuta. «Horrek legea erabat aldatu egin du, eta ez da hitzegin izan dena bozkatzera eramango dena», iragarri du. Zentzu honetan, lege berriak Eusko Jaurlaritzari interes orokorreko proiektuak diren horietan, tokiko lurralde eta hirigintza planaren gainetik proiektuak inposa ditzazkeela argitu du Gorrotxategik, eta beraz, errausketa planta edo Zaldunborda bezalako makroporiektu bat inposatu tokiko udalbatzak kontrakoa erabakita ere.

Eusko Legebiltzarrean aipatutako erreforma onartu dadin, PSEren babesa beharko dutenez, udalen autonomia eta EAJren interes ekonomikoen artean hautatu dezala eskatu dio Eneko Andueza, Euskadiko PSEko idazkari berriari.