Indarkeria sexistaren kontrako koordinazio plan esperimentala abian jarri dute Hendaian

Antxeta Irratia 2021ko aza. 25a, 00:00

Hendaia emazteen kontrako bortizkeria desagerrarazteko plan berri baten esperimentazio herria izanen da. ‘Indarkeria sexisten, sexuzkoen eta senide artekoen tokiko koordinaziorako kontratua’ izenpetu berri dute Herriko Etxeak, Pirinio Atlantikoetak 
Prefeturak, Baionako Justizia Tribunaleko prokuradoreak, Hezkuntza Akademiak, Baionako Ospitaleak edota Atherbea egitura eta Hendaiako Bagera elkarte feministak. Orotara 10 erakundek indarrak bildu dituzte, emazteenganako biolentzia desagerrazteko esperimentazio plan gisa. Neurri desberdinak hartuko dituzte, sentsibilizazio lanetik hasi eta tokiko eragileekin elkarlana sustatuz bortizkeria kasuak lehenbailehen identifikatzeko xedez. Izan ere, arazoak azkar identifikatu eta neurriak fite hartzeko aukera emango duelakoan dira koordinazioa tokian tokitik antolatuta.

Berritasun nagusia, aldiz, erasotzaileenganako tratamendua emango da. Politika proaktiboak bilatuko dituzte, eta bortizkeria baliatzen duten gizonekin lan berezia egin nahi dute, hauek familia zirkulutik atera, eta biktimak diren emazteak segi dezaten familia etxean bizitzen. Horretarako 3 apartamendu martxan dira gizonak aterbetzeko. Gaur egun 14 gizon jadanik plan honen barne dira, eta zazpik eskumutur elektronikoa dute Iparraldean.

Richard Irazusta, Hendaiako auzapezordeak argitu duenez, erronka handia da hartu dutena. Baina engaiamendua osoa da, hitzetatik ekintzetara pasatzeko, ez dutelako nahi argazki eta hitz hutsetan gera dadin.

Richard Irazusta, Hendaiako auzapezordearekin hitzegin dugu.