Indarkeria matxista desagerraraztea kausituko duen belaunaldiak lekukoa hartu du

Antxeta Irratia 2021ko aza. 25a, 00:00

Indarkeria Matxista Desagerrarazteko Egunean, Irungo DBHko ikastetxe publikoetako ikasleak izan dira protagonista nagusiak. Txingudi Ikastola, Toki Alai, Hirubide, Eguzkitza eta Plaiaundi Institutuko ikasleek «Aski Da!» ozenki aldarrikatu, eta aurten espainiar Estatuan emandako 37 hildako biktimak ohoratzeko mobilizazioa antolatu dute Zabaltza plazako kioskoan. Biktima bakoitzeko kandela bana piztu dute.

Etorkizuneko gizartea osatzen dute gazteek, eta aldaketa borrokatzeko prest direla adierazi dute, intentzio adierazpen argi eta amankomun batean. Izan ere, lehen aldiz ikastetxe publiko guztiek indarrak bildu eta elgarrekin antolatu dute A25eko mobilizazio hau. Eta iragarri dutenez, ez da azkena izango.

Beste kontzentrazioak

Ikasleen aldarrikapenak hurbiletik segitu dituzte udal ordezkari politikoek. Kioskora igo gabe, eta aterkietan aterpetuta plazan izan dira. Baina ez dira protagonista izan. Aldiz, Udaleko Berdintasun Batzordeak urtero lez deitutako kontzentrazioa udaletxeko arkupeetan egin behar izan dute ordubete beranduago euria zela eta.

Bestalde, Bidasoko M8 Asanbladak Zabaltza plazan egin du deialdia arratsaldeko 18:30etan. Eta Hondarribian, Emeki elkarteak deituta, Martxoak 8 plazatxoan elkartuko dira ordu berean.

Erlazionatuak