Enpresa handietatik aldenduta, Maker mugimenduak indarra hartu du azken urteotan. Eta amore ematen ez duen koronabirusaren aurrean, geroz eta gehiago dira Bidasoaldean 'Do it yourself' edo 'Egizu zuk zeuk' lanean ari direnak. Eguneroko bizitza hobetu eta arazoei soluzio eraginkorrak emateko tresnak bertatik bertara sortzeko beharra sortu du pandemiak. «Zerbait irakatsi badigu pandemiak, krisietatik beti aukerak sortzen direla da», dio Sara Sanchez EducaReality enpresako kideak. Lau urte daramate lanean, eta teknologi berriak hezkuntzaren behar eta esanetara jartzen ahalegintzen ari dira. «Hezkuntza geroz eta hibridoagoa bilakatuko da, eta dagoeneko hor dago teknologia ongi erabiltzearen erronka», argitzen du.
Izan ere, pandemian, eurek sortutako aplikazio eta tresnak ezinbestekoak bilakatu dira irakasle, ikasle eta guraso askorentzat. Errealitate areagotua, ipuin interaktiboak eta teknologia berriak baliatzen dituzte hezkuntza emozioen bitartez hobetzeko, baita sentsibilizazio programa anitzetan ere. Hezkuntzak egin beharra duen transformazio teknologikoaren bidelagun izateko xedea du EducaRealityk. Eta bide horretan, «teknologia ongi erabilita oso onuragarria eta eraginkorra» izan daitekeela sinestuta daude.
Teknologia berriak eta talentua elgarlanean
Baina pandemiaren unerik larrienetan 3D inprimagailuekin ospitaleetako arnasteko makinak ekoizteko aukera eman zuen bezala, Maker mugimenduak gure bizitza errazteko alor askotan aterabidea eskaini gaitzake. Hala, horretan ari diren maker edo egile desberdinen proposamenak partekatzeko ‘Maker Bidasoa Topaketa’ antolatu du Bidasoa Bizirik erakundeak. Ekintzailetza bultzatu nahian, iada 2019an 'Bidasoa Maker Day' egun osoko jardunaldia antolatu zuten. Eta iazko geldiadiaren ondotik, aurten, pandemiak baldintzatuta 50 lagunentzako bi orduko topaketa antolatuko dute, «hasitako bidea jarraitzeko», abenduaren 18an Palmera Montero auzuneko Irun Factory egoitzan. Maria Serrano, Bidasoa Bizirikeko presidentaordeak nabarmendu duenez, «mugimendu honek erakutsi digu elkarteak, kolektiboak, enpresa txiki eta ekintzaileak lankidetzan jarriaz gauza asko egin daitezkeela komunitatearen faboretan».
Hala beraz, abenduko topaketan 3D inprimagailuak, joko-demoak, simulagailuak, artisau eta eskulangileen soluzio berritzaileak, Caser Betherrameko tailer okupazionaletan lantdutako mugikortasun murriztua duten pertsonei bizitza erraztuko dieten tresna txikiak, edota errealitate birtualaren aplikazio desberdinak aurkeztu eta esperientziak partekatuko dituzte. Jardunaldian parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharra dago Bidasoa Bizirik-en webgunean (www.bidasoa-activa.com), 943 50 96 00 telefonora deituz edota ekintzailetza@bidasoa-activa.com helbidera idatzita.