Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoa berritzeari buruzko adierazpen instituzionala plazaratu du gaur Irungo Udalak. Atzo Bozeramaileen Batzordean ahobatez adostutako testu horretan, «ospitaleko bloke kirurgikoa handitzeko eta modernizatzeko proiektuari buruzko albisteen aurrean», eta herritar eta langileen artean eragindako ezinegonaren ikusita kezka adierazten du Irungo Udalak. Ospitaleko instalazioetan inbertitu eta bloke kirurgikoa modernizatu beharrarekin bat dator, baina informazio eskaxa dagoela diote. Halere, galderak eta zalantzak sortu badira, «Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko arduradun nagusiek bakarrik eman ditzakete erantzun horiek». Horregatik, informazioa jendaurrean eman dezatela eskatu du Irungo Udalak.
Alderdikeriak baztertu
Jose Antonio Santano alkateak (PSE) sare sozialetan udal taldeei berak proposatuta adostutako testua dela nabarmendu du. Elgarrekin Podemos-Ezker Anitzako gobernukideek, aldiz, adierazpen instituzional hau eurek «egindako presioaren emaitza» dela jakinarazi du prentsa-ohar baten bidez. «Duela aste batzuk Irungo Udalean erregistratutako mozioari esker» mugitzen hasi zirelako tokiko erakundearen jarrera argitzea.
Halere, «alderdikerietan erori gabe eraman beharreko gaia» dela adierazi du Jokin Melida EH Bilduko bozeramaileak. «Ospitaleak 18 hilabetez galdu ditzakeen oinarrizko zerbitzuak bidasotar oro hunkitzen ditu, eta joko politikotik kanpo behar du» ohartarazi du. Zentzu honetan, gizarte eragileek sortu berri duten ospitalearen erabiltzaileen defentsarako plataforma eratu izana «zerbait larriaren aurrean gaudelaren seinale» dela dio. Baina mezu garbia bidaltzen ari direlakoan dago, «alderdi politikoak bigarren plano batean geldi gaitezen eskatzen dute, baina lagundu dezagun». Zentzu horretan, Hondarribian EH Bildu Abotsanitzek aurkeztutako mozioaren aurrean abstenitu bazen ere, Bidasoko EH Bildutik Eusko Legebiltzarrean ospitalearen berritze lanen proiektua zertan den galdetzea lortu dute. «Tamalez, egia da informazio gardentasunik ez dagoela, eta hori da Eusko Jaurlaritzari Irungo Udaletik eskatzen dioguna», dio Melidak. Azken batean, eskualdeko osasun zerbitzuen beharrak eta aldaketak aurreikuspenez aztertu eta jakinarazi beharko luketeelako.
Haatik, eskualdeak dituen osasun zerbitzuen beharrei begira, Irungo Udaleko talde politikoek adostutako adierazpenean oroitarazi dute, Oinaurren Irungo hirugarren anbulategiaren proiektua mahai gainean dagoela aspaldi. 1.000 metro koadroko lur eremu bat gorde dute horretarako. Baina Udalak dio denbora luzea daramatela Eusko Jaurlaritzak anbulategi hori noiz egingo duen zain, eta ezin dela gehiago atzeratu. Dauden anbulategiak zaharrak daudelako, eta populazioa emendatzeaz gain, herritarren beharrak handitzen ari direlako, hala nola osasun mentalean edota arreta pediatrikoan ere. «EH Bildutik San Migel auzoan proposatu genuen hirugarren anbulategia egitea aspaldi, eta Udal Gobernuak Oinaurren aurreikusten du, baina garrantzitsuena da beharrak lehenbailehen estaltzea», argitu du EH Bilduko zinegotziak.
Osasun Bidasoa plataformaren eratzea
Anartean, gizarte eragileek ospitaleko berritze lanen ondorioz 18 hilabetez Onkologikora desbideratuko dituzten (traumatologia, oftalmologia, ginekologia, kirurgia orokorra, anestesia, larrialdiak eta kirofano erizaintza) zerbitzuak bertan mantentzeko borrokan jarraituko dute. Joan den ostiralean hainbat udal ordezkarirekin Palmera Montero gunean egindako batzar irekiaren bildu ondotik, astelehen honetan Luis Marianoko gizarte zentroan bildu ziren, eta Bidasoko Ospitaleko erabiltzaileen defentsarako plataforma herritarra eratzea erabaki dute. ‘Plataforma Osasun Bidasoa’ du izena, eta datozen egunetan aurkeztuko dute. Antxeta Irratiak jakin izan duenez, plataforma kolore anitza da, eta zuzendaritzarekin ados ez diren Bidasoko Ospitaleko langileez gain, Txingudiko Pentsiodunen Mugimendua, Irungo Oiasso 2000 auzo elkarteen federazioa, Bortzirietako herrien ordezkaritza bat, Nagusilan adinekoen elkartea eta Bidasoko Karta Sozialeko zenbait eragilek ere osatzen dute.