Irungo EAJ udal taldeak udaletxetik haratago “irundarren interesen alde politika egin” daitekeela azpimarratu du, Madrilgo Kongresuan jeltzaleek Espainiako aurrekontuetan lortu dituzten bi zuzenketaren berri emanez. Madrilgo jeltzaleen taldearekin lankidetzan aritu dira Irungo hautetsiak, eta espainiar Gobernuak 2,55 milioi euroko inbertsioa Irunen egin dezan lortu dute.
Batetik, Via Irun proiektuaren baitan hirigunea eta Anaka arteko trenbidearen estaltzeko 1 milioi euroko zuzenketa lortu dute, proiektua erredaktatu dezaten. Xabier Iridoy, Irungo jeltzaleen bozeramaileak oroitarazi duenez, “Udalak proposatzen duen proiektua baino zerbait ausartagoa behar du Irunek”. Hala, hiria bitan banatzen duen trenbidearen orbana estali eta hiria irabazteko beharra ikusten dute jeltzaleek hirigunea eta Anaka artekoa trenbidearen zatian.
Plaiaundiko zor historikoa
Bestalde, iada Arantxa Tapia sailburuak joan den otsailan iragarri zuen proiektu bat ekonomikoki bideragarriagoa izan dadin lortu dute jeltzaleek. Espainiako estatuak 1,55 milioi euro bideratuko baititu azkenik,dagoeneko hasiak beharko lituzketen Plaiaundiko Natur Parkearen San Lorenzo urmaela edo aintziraren handitzeko lanetarako. Baita Plaiaundiko institutotik hasi eta Mendeluko Eskapatxulotik Amuteraino oinezko eta txirrindentzako bide bat osatzeko ere. Irungo EAJk 2013an aurkeztu zuen bidegorri horren proiektua lehen aldikotz. “Garai hartako Hendaiako auzapezak Jean Battitte Salaberryk Hendaiako ibai bazter osoan eraiki zuen egurrezko pasarelaren antzeko zerbait gurean ere egingarria dela sinistuta geunden orduan, eta oraindik ere Hendaia-Irun eta Hondarribia bizikletaz lotzeko proiektu giltzarria da”, aldarrikatu du Iridoyk. Mugikortasun jasangarriaren arloan aurrerapauso garrantzitsua izananagatik ere, Plaiaundiri bizkarra emanez bizi den hiria eraldatzeko baliagarria ere izan daitekeela uste dute jeltzaleek.
Proiektu honen kasuan, Eusko Jaurlaritzak iada Europar Batasunak sortutako ‘Next Generation’ funtsetatik proiektu hau garatzeko dirulaguntza eskaera egina du ere. Eta Tapia sailburuak iragarri zuenez, 2021 urtea bukatu baino lehen lanak hasteko helburua zuten. Orain Eusko Jaurlaritzak propioak dituen, eta beste erakundeetako diru-iturriei esker ere, segurtatutzat eman daiteke lanak gauzatuko direla.