Pobreziak emakume aurpegia duelako, mobilizatzera deitu dute emakume pentsiodunek A25ean

Antxeta Irratia 2021ko aza. 22a, 00:00

Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak asteleheneroko elgarretaratzea egin du gaur Irungo San Juan plazan. Jendetsua baina manifestatzaileen artean distantziak gordez eta muxukoarekin egin dute. Eta heldu den astelehenean hileroko manifestaldia iragarri dute 12:00etan.

Anartean, ostegunean Emakumeenganako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren bueltan antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dute pentsiodunek. Bereziki adineko emakumeei. Euren pentsio duinen aldarrikapenekin bat eginez, oroitarazi dute indarkeria ekonomikoa ere hor dagoela. “Euskal Herrian pobreziaren aurpegia sarritan emakumearena da, eta kasu askotan adinekoa”, nabarmendu dute. Izan ere, 63.000 emakume pentsionista dira EAEn 1.080 euro baino gutxiagoko pentsioa jasotzen dutenak, eta horietatik laurden batek 700 euro baino apalagoko diru iturriak ditu hilero. Madrilen negoziatzen ari diren pentsioen erreforman emakumeak ahaztu egiten dituztela salatzen dute, eta pentsioetan ere genero arrakala larria dela oroitarazi dute.