Hendaiako Ekonomia Sozial eta Solidarioaren (eraldatzailearen) Hilabetea kari, "Elikatzeko zirkuitu laburrak" izeneko mintegia antolatu dute ostegun honetan Lan-eko laguntza zentroak eta Euskal Herriko Laborantza Ganbarak. Zokoburuko Antton Abadia aretoan arratsaldeko 18.00etan izango da, eta bertan, Hendaiako, Urruñako eta Biriatuko herriek elikagaien eskaintza eta eskaerari buruz egindako diagnostikoaren aurkezpena egingo dute.
Celine Cotinat, Hendaiako Herriko Etxeko zirkuitu laburren eta elikadura burujabetzarako hautetsiak azaldu digunez, hiru herriek zirkuitu laburrak saretzeko hitzarmena izenpetu dute. Herriko lurrak laborantza ekologikorako babestu, eta tokiko ekoizpenak eskualdeko sukalde kolektiboetara bideratzeko konpromisoa hartu dute. Hitzetatik ekintzetara pasa aitzin, diagnostikoa egin du Lan-Ekok. Bertako Markotx Elusotondo izan da lan horren eramailea, eta azaldu digunez, "erakunde ezberdinen esku diren 30 egitura eta 14 sukalde kolektibotan 5.000 otordu banatzen dituzte egunero eskualdean jantegi publikoetan". Haiengana jo dute, baita 108 laborarirekin harremanetan sartu ere. Eta %80tik gorak interesa agertu du jantegi kolektiboekin zuzenean lan egiteko. "Datozen hilabeteetan erabakiak hartzeko garaia iritsiko da", dio Cotinat hautetsiak.
Gaurko mintegian diagnostikoa behin aurkeztuta, 'Esperientzien itzultzea eta bertako baliabideak' izenburupean mahainguru bat ere izanen da Lan-Eko erakundeak antolatuta.
Bestalde, hilabeteko programa bururatzeko azaroaren 20an Recyclarte elkarteak antolatutako 'Birziklatzearen Besta' ospatuko dute Gaztelu aretoan. Eguberriak begiz jota, "gure kontsumismoak sortzen dituen hondakinak apaltzeko helburuarekin ari gara lanean", dio Maitena Iriart elkarteko kideak. Izan ere, bizikleta zaharrak berreskuratzeaz gain, elektrika tresnak konpondu eta kosmetika naturala zein eskulanak egiteko eguna izanen da. Goizeko 10:00etatik 18:00etara konpondu daitezkeen etxean ditugun tresna zaharrak bertan uzteko gune bat ere ezarriko dute.
Azkenik, azaroaren 28an 'Elkartasunen Besta' izango da ere, Gazteluko ikusgarrien aretoan, 10:00etatik 13:00era bertako artisauen merkatu batekin.