Lesakatik Hondarribira, sekulan egindako Bidasoaren garbiketarik handiena antolatzen ari dira

Antxeta Irratia 2021ko aza. 18a, 00:00

Atzo arratsaldean Biriatuko herriko etxean bilera historiko bat eman zen. Joan den otsailan eskualdeko 300 hektarea kiskali zituen suteak lortu ez zuena, Recicla-Birziklatu elkarteak lortu du. Izan ere, suteen ondotik hunkitutako herri guztiak bildu ziren Beran mendien kudeaketaz mintzatzeko, eta Irungo Udalak ez zuen desmartxa horretan parte hartu.

Atzo, aldiz, lankidetzaren txinparta piztu zen. Bidasoa ibaiak bustitzen dituen Bortziriak eta Behe Bidasoa eskualdeetako zazpi udalerrietako agintariak bildu ziren lehen aldikotz elkarte honek gonbidatuta (Lesaka, Bera, Biriatu, Urruña-Pausu, Irun, Hendaia eta Hondarribia). Elkar ulertzeko duten tresna amakomuna izanik, batzarra euskara hutsez egin zuten. Eta udalerri guztien natur ondare amankomuna den Bidasoa zaintzeko lehen urratsa eman dute. Lesakatik Hondarribira, denen indarrak batzeko eskatu die elkarteak udal ordezkariei, Bidasoa ibaian sekulan egin den garbiketa erraldoia eta bateratua antolatzeko. Eta agintariak prest agertu dira laguntzeko.

Ibaian behera zabor-biltzen

Heldu den ekainaren 18an denok batera arraun egin eta ibaian pilatuak dauden hondakinak jasotzeko garbiketa kolektiboa antolatu nahi dute. Lesakan hasi eta Txarandaka, San Martin presa ohia, Endarlatsa, San Migel, Behobia, Rekondo, Santiagotarrak, Hendaiako Tribord (Bidasoako ordokia), Hondarribiko Puntala eta Hondartzaraino, ibaia kayaketan, paddletan, surfeko taulatan, eta ibai-bazterretik oinez zein txirrindaz, auzolanean zaborra biltzen joateko ekimena proposatzen dute. Gabarra batek bilduko ditu hondakinak bidean, eta gero Hendaiako Tribord pareko esplanadan bilduko dituzte.

Ekimena 2030 urterako Garapen Iraunkorreko Helburuen agendan lagundu nahi duela nabarmendu dute Recicla-Birziklatu elkarteko kideek. Eta 40 bat lagun mobilizatuko dituzte antolaketarako. Baina ehunka bidasotar bolondres bildu nahi dituzte, "kirola egiten, inguruneaz gozatu eta zaintzeko".

Aitor Errazkin izan zen, Biriatun egindako bilera hori segitu zuen kazetari bakarra. Eta Birziklatu elkarteko kideekin hitzegin du