'Emakumeen aztarnak Hondarribian' deskubritzeko euskarria aurkeztu du Parean elkarteak

Antxeta Irratia 2021ko aza. 18a, 00:00

Hondarribiko historian emakumeek izan duten garrantzia nabarmendu, gogora ekarri eta ezagutarazteko 'Emakumeen Aztarnak Hondarribian' proiektua aurkeztu du gaur Parean elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Herriko eskoletan landu dezaten eskaini diete egindako lana Ama Guadalupekoa, Egiluze baita Bordari-Talaia ikastetxeei ere. 

Baina haien helburua "historian beti ahaztuenak izan diren emakumeak azaleraztea eta horren dibulgazioa" egitea den heinean, herritar ororen esku jarri dute internet bidezko euskarrian ere. Kalez-kale deskubritzeko gonbidapena bada ere. Izan ere, audioekin, Andrea Villamor ilustratzailearen irudiekin eta Maria Jose Noain  historialariak idatziriko testuekin batera, Hondarribiko Alde Zaharrean barrena paseo bat proposatzen dute.

Historia eskura eta Alde Zaharreko kaleetan

Oihana Llorente, Parean elkarteko kideak adierazi duenez, hautatutako emakume bakoitza arlo batera lotu dute. Herriko historiaren bilakaeran eta gertakari garrantzitsuetan zeresana izan duten 10 emakume deskubritzeko aukera emateko proiektua baita honakoa. "Merkataritzan, botere eta agintean, arrantzan, sorginkerian, artean edota gerran emakumeen ekarpena azaldu nahi dugu", dio, "historia gizonezkoek idatzi dutela kontuan hartuta, iturri historikoetan emakumeen presentzia eskaxa bada ere".

Hala, Maria Teresa Austriakoa (emakumea eta ezkontza), Helene Feillet (emakumea eta bidaiak), Juana Mugarrieta (gerra), Inesa Gaxen (sorginkeria), Katalina Gijongoa (itsasoa), Margaret Jordan Patterson (artea), Justizeko neska (sedukzioa), Katalina Alkizakoa (merkataritza), Joana Gaztelakoa (boterea) eta Graciana Lizarraga (indarkeria) hautatu dituzte ikerlan honetan.

Paseo gidatua norkbere telefono portablearekin egin dezake https://bidea.parean.eus/hondarribiko-paseoa helbidean topatuko duzuten gida-telematikoari esker, audio, testu eta mapa interaktiboarekin. Baina azaroaren 27an (11:00etan Arma Plazatik abiatuta) Maria Jose Noain ikerlariak 10 emakumeren aztarnen bila joateko gonbidapena luzatu du bisita gidatu batekin. Lekuak mugatuak direnez, aldez aurretik izena eman behar da: info@parean.eus edota https://labur.eus/hondarribia-paseoa helbidean.