Hendaiako Baleak elkarteak antolatutako ‘Gatazka eta Memoria’ solasaldien hirugarren hitzordua azaroak 18an (18:30) izango da. Estreinekoan, euskal gatazkaren biktima guztien gertakariak sakonki aztertu dituen Emilio Lopez Adan izan zuten gonbidatu. Eta joan den astean, aldiz, Jon Alonso "Naparra: Kasu irekia" liburuaz mintzatzeko, kasu zehatz horri buruz.
Ostegun hontan, aldiz, Ainara Lasa gonbidatu dute. Ikerketa alboratu, eta deserria eta klandestinitatea haur baten ikuspegitik nola bizitzen den aipatuko du. Bere haur garaiko bizipenak Hendaian, eta haiek utziriko arrastoa, gurasoak espetxean izaitearen esperientzia, edota haren ama kartzelara bisitatzera joan zenean izan zuen aurreneko esperientzia feminista sakona. Izan ere, zeharka euskal gatazkaren biktima eta biktimarioaren genero ikuspegitik ere, emakumeen bizipenak azaleratu beharrak daudela sinetsita dago. Kontakizuna osatzeke dago.
Ainara Lasak, olerkiak ez ezik, marrazkiak eta hainbat sorkuntza landu ditu gai honetaz gogoeta eginez. Eta Baleak elkartean atzerabegirakoa partekatuko du. Baina iragarri duenez, datu hotzak alboratuz, baina bizipenetatik eta gogoeta sakonetik balorazio politikoa ere egingo du.