‘Zapata Gorriak’ eta ‘Tximeleten taupadak’ Hondarribiako A25ean biktimekin pentsatzen dutela adierazteko

Antxeta Irratia 2021ko aza. 17a, 00:00

Azaroaren 25eko genero indarkeria desagerrarazteko egunaren bueltan Emeki Elkarteak eta Hondarribiako Udalak antolatutako ekintzak aurkeztu berri dituzte. "Etenik ez duen biolentzia matxistak, erantzun etengabea behar duelako" antolatzen dituzten ekintzak direla nabarmendu du Txomin Sagarzazu alkateak. Izan ere, ez da egun bakarreko lana, eta urte osoan zehar genero indarkeriaren kontra borrokatzeko, baita biktimak zentroan jartzeko konpromisoa ere adierazi nahi izan du. Baina halako egunak gizartea sentsibilizatzeko eta biktimak zentroan jartzeko baliagarriak dira alkatearen ustetan.

Ekimen sinbolikoak eta hausnarketarako

Hala, Hondarribiako Udalak antolatutako ekimenen artean, azaroaren 19an (18:30an) 'Nagore' (Laffageri buruzko) dokumentala proiektatuko dute Itsas Etxean, eta Asun Casasolarekin solasaldia. Eta Zuloaga Etxeko udal liburutegia azaroan lantzen ari den xakearen hilabeteari lotuta, "xake mate biolentzia matxistari" ideiaren bueltan hainbat hitzordu antolatu dituztela nabarmendu du Gotzone Larrarte zinegotziak. Bestalde, 40 elkartek bat egin dute biktimak gogoratzeko Udalak bultzatutako 'Zapata Gorriak' ekimenarekin. Azaroaren 24an iaz biolentzia matxistak espainiar Estatuan eragindako 37 hildako biktimak gogoratuko dituzte, beste hainbeste zapata gorri pare Itsas Etxean bilduz. Elkarteei proposatu zieten zapatak eskaintzeko aukera, eta “erantzuna izugarri ona” izan da. Azaroaren 25ean Martxoak 8 plazan kokatuko dituzte sinbolikoki.

Bien bitartean, Emeki elkarteak ‘Tximeleten Taupadak’ ekimen burutuko du. Herritar eta eragile anitzek eskuz egindako tximeleta moreekin jantzitako oihalezko zuhaitz bat osatuko dute elkartearen egoitzan. Eta azaroaren 25ean Martxoak 8 plazatxoan deitu duten elgarretaratzera ere eramango dituzte.