Hainbat herri mugimenduk eta OSI Bidasoako langileen aldarrikapenekin bat egin du Elgarrekin Podemosek asteazken honetan, Bidasoako Ospitalera egindako bisitan. Eskualdeko ospitalearen berritze lanek piztu duten gatazkaren aurrean, herri eragileak indarrak batzen hasiak dira. Martxoan hasiko diren obrek dirauten bitartean 4 ebakuntza gelak mantentzearen aldeko sinadura bilketa abian jarri zutela bi aste iragan dira. Eta heldu den ostiralean (azaroak 19) 18:30an Irungo auzo elkarteak, Nagusilan adinekoen elkarteak, Txingudiko pentsiodunen plataformak, Bidasoako Karta Sozialeko eragileek eta ospitaleko langileen kolektiboak bilkura deitu dute.
Funtsean martxoan hasiko dituzten berritze lanen ondorioz, 100.000 biztanleri zerbitzu ematen dieten 4 ebakuntza-gela edo kirofanoak itxi eta 18 hilabetez zerbitzua Donostiako Onkologikora berbideratzeko erabakia atzera egin dezaten dute helburu. Izan ere, 5 milioi eurotik gorako inbertsioa eskatuko duen ospitalearen berritze proiektua “epe motzekoa” dela ere salatzen dute ospitaleko langileek. Duela 30 urte Behe Bidasoa eta Bortziriakeko 77.000 biztanleri zerbitzu emateko pentsatua izan zelako, eta gizartearen zahartzearekin batera, populazioa emendatu denez, epe luzerako beharrak kontuan hartuko dituen proiektu osatuagoa bat defendatzen dute.
Ospitaleko langileen bozeramaileak argitu duenez, herri mugimenduekin bat doaz. Eta kirofanoak berritu behar badira, hauek anartean mantenduz egin beharra dagoela aldarrikatzen dute. “Osakidetzatik planteatzen den berritze proiektua, hasi orduko eskax geratu da, ez du zentzurik hainbeste diru publiko inbertitzea urte gutxi barru berriz obrak egin behar izateko”, dio bozeramaileak. Gainera kirofanoak Donostiako Onkologikora berbideratzeak ekarriko dituen ondorioak latzak dira haien ustetan.
Zuzendaritzatik jasotako informazio eskaxa ere salatzen dute. Eta zentzu honetan, agerikoa da langileek pairatzen duten presioa handia dela. Izan ere, bozeramaile bat hautatu dute publikoki hitzegiteko (jubilatzear dagoen lankide bat eta lanpostua galtzeko beldurrik ez duena iada). Berri hau prestatzeko lanean, Antxeta Irratiak ez du aurpegia emateko ausardiarik duen beste mediku, erizain edo langilerik topatu ahal izan.
Eztabaida politikoa abian
Hondarribian, Abotsanitzek mobilizazioak antolatu ditu joan den asteburuan, urriko udalbatzan onartu ez zitzaien mozioa kontuan hartuta. EAJ, PSE eta EH Bilduk ez zuten ebakuntza-gelak mantentzeko eta informazio gardena eskatzeko eskaera babestu. Eta Irunen, Elgarrekin Podemos-ek ildo bereko mozioa aurkeztuko du azaroko udalbatzan. David Nuño hautetsiak ulergaitzat jo du talde politikoen jarrera. “Herritarrek informazioa jaso dezaten, eta osasun zerbitzu publiko duina eskatu, eta kontra edo abstenitzea oso larria da”, nabarmendu du.
Halere, azaroko udal osoko bilkuran eskaera luzatuko du, eta udal talde guztiei ez ezik udal gobernukide duten Jose Antonio Santano alkateari ere, jarrera argia adierazi dezala eskatu dio David Sotok, Elgarrekin Podemoseko legebiltzarkide irundarrak ospitalera egindako bisitan. “Eusko Legebiltzarrean jaurlaritzako urteko aurrekontuetan 4 kirofanoen zerbitzua eraikin anexo batean baldintza beretan mantendu ahal izateko diru partida aurkeztuko dugu”, jakinarazi du Sotok.