Labore Txingudi elkarteak 2016an Lakaxita gaztetxean bere lehen hazia erein zuenetik, hainbat urte iragan dira. Eta ehunka lagun dira dagoeneko, tokikoa, ekologikoa, eta sozialki modu arduratsuan elikatzen dena haiei esker. Hazia ernaldu eta Urantzu kaleko denda berrira jauzia eman zuenetik bi urte dira. Eta zorionez elikadura burujabetzaren aldeko proiektua bi urteotan egonkortu egin denez, urrats bat haratago joango dira orain.
'Elikadura Burujabetza Elikatu' lelopean, bazkidetza kanpaina berria abian jarri dute, gaur egungo 218 bazkideez gain, zirkuitu laburrak eskualdean ahal bezain bat hedatzeko xedez. Gainera, bazkideen partehartzea areagotu nahi dute, baita Labore Txingudi elkartea bera, Behe Bidasoa eskualdean eragile azkarragoa bilakatu ere.
Azken batean, tokiko ekoizle eta hornitzaileekin harremanak saretuz, kontsumo ekologikoa bultzatuz eta ekonomia sozialaren bitartez eraikiko dugu etorkizuna haien ustetan: "Pandemiak zerbait erakutsi badigu, baita egungo egoera ekonomiko globalak ere, horixe izan da, elikadura burujabetza dela gure elikadura segurtatuko duen bakarra etorkizunean, eta horretara goaz", dio elkarteko lehendakariak. Euren ereduak dituen bertute guztiak kontuan hartuta, proiektuari bultzata berri bat eman eta lan ildo desberdinak sortzeko baldintzak ematen direlakoan dira.
Zentzu horretan, bazkide gehiago ez ezik, administrazio publikoen konplizitatea bilatu eta kolektibo ezberdinak inplikatu nahi dituzte elikadura burujabetzaren alde egin dezaten.