Urruñako kultur eskaintza biziberritzeko hilero gaualdia proposatzen du MaitaKulturak

Antxeta Irratia 2021ko aza. 10a, 00:00

Hilabetean behin, proiekzio-kontzertu gaualdia proposatuko du Maita Kultura kolektiboak Urruñan, hirigunea kulturalki biziberritzeko helburuarekin. Haien asmoa da, gaualdi tematikoak eskaintzea, beti filma batekin hasi, eta horren ondotik jorratutako gaiari lotuta musika emanaldi edo kultur ikusgarri bat programatzea. "Urruñan zinema eta Pausuko Xaia ostatuaz gain, kultura eskaintza urria da, eta hori aldatu nahi dugu", erran digu Maia Ruiz de Aldak, Maita Kulturako ordezkariak.

Lehendabiziko hitzordua azaroaren 12 hontan izango da Itsasmendi gelan. 10 euroren truke, Coen anaien "Inside Llewyn Davis" filma eskainiko dute arratsaldeko 19:00etan, eta aperitiba baten ondotik, Jurgi Ekizaren kontzertu akustikoa 21:00etatik goiti.

Sartzeak eskuratzeko 05 29 24 37 45 edota contact@cinema-itsasmendi.org helbidera idatzi.