Eric Spitz prefetaren aginduz Ziburu, Urruña eta Hendaia lotzen dituen Erlaitzako oinezkoendako bidean ibiltzea debekatuta geratu da definitiboki. Joan den urtean itsasbazterreko errepide honetan izandako luiziek edo lurjausiek segurtasuna mehatxatzen dutela argudiatu du prefeturak. Izan ere, joan den irailaren 28an egindako azken azterketa geologikoek ondorioztatu dute, "lurjausi arrisku handia" dagoela.
Joan den ekainaren lehenetik itxita zen iada. Baina orain behin-betiko dela ikusirik, urtero 270.000 bisitari jasotzen dituen bide horri alternatibak behar direla eman adierazi du Filipe Aramendik, Urruñako auzapezak. Erlaitzako bidearen ixtearekin bat egiten du, baina oinezkoentzat kostaldetik barnerago bidexka alternatibo bat egiteko proiektuan lanean ari direla argitu du.
Autoendako bidea ezbaian
Bestalde, luizi arriskuak oinezkoen segurtasuna mehatxatzen duten bezala, paraleloki doan Erlaitzako errepidean, autoek zirkulatu ahalko dute mementuko. Baina departamendu mailan hau ere hestea gogoetatzen ari direla azaldu digu Urruñako auzapezak. "Itsasoaren higadurak hunkitzen duen heinean, naturak bere lana egiten jarraitzen du, eta goiz ala berant delibero bat hartu beharko da autoendako ere", argitu du.
Honek autoen zirkulazioan eragin handia ukango luke. Alternatiba ezberdinak aztertzen ari dira departamenduarekin ez ezik, Euskal Herri Elkargoaren mugikortasun sindikatuarekin ere. "Autopista doakoa izatea aipatu izan da, baina Hendaiarekin lotura egiteko garraio kolektibo bat ere hor da, alternatiba guziak azter ditezela nahi dugu", erran du Aramendik.