‘Naparra’ kasuan ilunpean dagoena argitara emango dute Baleak elkartean

Antxeta Irratia 2021ko aza. 10a, 00:00

Hendaiako Baleak elkarteak ‘Naparra’-ren desagerketa aztergai izango du ostegun honetan, “Gatazka eta Memoria” zikloaren bigarren solasaldian. Joan den astean ekin zioten euskal gatazkak eragindako 1.300 hildako kasuz-kasu aztertzen dituen Emilio Lopez Adan ‘Beltza’-k idatziriko 'Borroka armatuaren historia Euskadin. 1967-2011' lan mardula aztertzen. Eta oraingo honetan, kasu partikular batetan sakonduko dute, Jon Alonsok idatziriko ‘Naparra: kasu irekia’ liburua hizpide. Egileak era bateko eta besteko iturrietara joz, ikerketa zabal eta sakon bat egin du. Eta 2016ko Tene Mujika beka irabazi zuen proiektu honekin.

Jose Miguel Etxeberria Alvarez ‘Naparra’, Komando Autonomo Antikapitalistetako militantea eta Iparraldean errefuxiatua, 1980ko ekainaren 11n desagertu zen, norbaitek bahitua. Ordutik ez da haren gorpurik agertu, ez desagerketaren egile edo xehetasunen berri zehatzik jakin ere. Zentzu honetan, “gerta izan zenari buruz norberak bere hipotesiak egin ditzake”, dio Alonsok. Baina kasu horren inguruan informazio guztia biltzen aritu da, baita elkarrizketa anitz egin ere, ilunpean dagoena argitara ekartzeko. Izan ere, Naparra kasuaz hitz egitean, gutxienez bi kasu hartu behar ditugu aintzat bere ustetan: “argi dago lehen biktima desagertutako pertsona dela, baina semearen eta anaiaren arrastoen bila 40 urtez aritu diren senideak ere biktima izan dira, gorpua agertzen ez den bitartean, krimen bat etengabe gertatzen ari delako”, argitzen du. Hala, egileak bi kasuak landu eta jorratu ditu. Eta Baleak elkarteko solasaldi honetan aurkeztuko du egindako lana.

Erlazionatuak