Historian eta munduan barna bidaiatzeko aukera emango du FICABek

Antxeta Irratia 2021ko aza. 9a, 00:00

Azaroaren 15etik 20ra Oiasso Museoak antolatzen duen (FICAB) Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa izango da kultur arloko erreferentzia nagusia eskualdean. Aurten 66 film eta dokumental jaso dituzte, eta denak goi mailakoak izanagatik ere, “festibalak dituen proiekzio ordu kopurua mugatua denez”, lehiaketarako 27 film hautatu dituztela azaldu digu zinemaldiko zuzendariak, Aizpea Goenagak.

Iaz pandemia zela eta, irundarrak baizik ezin izan zuten Amaia Kultur Zentrora hurbildu, eta online bidez indar bat egin zuten. Arrakasta izan zuenez, eta festibalaren helburua dibulgatiboa denez gero, aurtengoan internet bidezkoa atxikitzen dute. Baina “pandemiaren okerrena atzean utzi dugula, zinema aretoan eseri eta arkeologiaz, historiaz eta zinemagintzaz gozatzeko gonbidapena” luzatu dute antolatzaileek. Aizpea Goenagak dioenez, “ikerketa arkeologikoen eta historiaren berri emateaz gain, festibal honek duen balio zinematografikoa handia baita”.

Historian eta munduan barna bidaiatzeko aukera

Kolore eta gustu guztietarako lanak aurkeztuko dituztela iragarri dute. Siriako gerlaren erdian pieza historikoak babesteko museo arkeologikoko langileek euren bizia arriskuan jarri zutenekoa, neolitikoko jantzi batzuen harira egindako ikerketa, homo sapiensari buruzko azken ikerketak, Galiziako Sueboen erreinua, Narbonako portu erromatarra edota Kanarietan aurkitutako pinturetatik Italian urperatutako aintzinako herri baten arkeologia indusketak izango dira, besteak beste, aurki ditzazkegunak.

Hala, azaroaren 15etik 20era Irungo arratsaldeko emankizunak ohikoak izango dira, 17:00etan eta 19:00etan Amaia KZn, eta sarrera doan izango da lekua bete arte. Arratsaldeko saioetan Xabier Peñalver (Praileaitzeko indusketaren zuzendaria) izango da aurkezlea.

Bestalde, Hezkuntza saila ere badute, eta Donostiako Aquariumarekin eta Orona Fundazioarekin lankidetzan, aurten, Ikertze Fundazioak 'Narbo Martius, la fille de Rome' filmaren inguruan landutako proiektu pedagogikoa landuko dute. Bada ere, latin eta greko ikasleek egindako film bat, antzinako grekoa erabiliz filmatutakoa: 'Pestilentia'. Saio pedagogikoetan Maria Intxaustegi urpeko arkeologoak parte hartuko du.

Zinemaldiaren itxiera ekitaldirako, berriz, Bizinema elkartearen eskutik erakusketa eta 'The Dig' filmaren proiekzioa prestatzen ari dira Amaia Kultur Zentroan. Kasu horretan, Netflixen ekoizpena ekarriko dute, lehen aldiz pantaila handian.

Zinemaldiari buruzko informazio guztia, udal webgunean, www.irun.org helbidean, eta zinemaldiarenean, www.ficab.org helbidean. Emanaldi guztietarako sarrerak dohainik dira, baina gonbidapena eskuratu behar da aldez aurretik.

Erlazionatuak