Euskal Herriko hainbat udalerritan garatzen ari diren ‘parketarrak’ dinamikaren baitan, ‘Haurrak Parkean’ izeneko proiektuari segida emango dio Irungo Udalak udazken honetan. Iazko maiatzan egindako lehen saiakeraren ondotik, azaroaren 10etik abenduaren 3ra bitartean, “hiriko parkeetan eta kalean euskararen erabilera handitzeko” helburuarekin haurrei eta haien gurasoei baliabideak emango dizkiete aisialdi garaian, hiriko parkeetan euskaraz aritu daitezen.
Miren Etxebeste, Euskara zinegotziaren arabera, ekimen egokia da haurrak euskarara erakartzeko “euren ohiko lekuan hizkuntza dinamikak aldatzea proposatzen baita, euskaraz aritzeko testuinguru arrotz eta arautu batetara eraman beharrean”. Aldaketa eraginkorragoa eta iraunkorragoa dela egiaztatu ahal izan dute Urtxintxako dinamizatzaileek aurreko esperientziatan.
Adinaren araberako jarduerak
Haien esku mota askotariko jolasak antolatuko dituzte hiriko zenbait parke eta plazetan. Saioak asteazkenetan eta ostiraletan izango dira. Eta haurren adinaren araberako bi programa mota eskainiko dituzte. Batetik, ‘Zabu Zibu’ izenekoa, 3 eta 5 urte arteko haurrei begirakoa (17:00etan hasiko dituzte saioak). Kasu honetan, haur txikiak diren heinean, dinamika gurasoekin batera egin daitekeela iragarri dute. “Ez da haurra han utzi eta kitto, euskararen erabilera familian sustatzeko aukera eman dezaketen zenbait jarduera ere proposa ditzazkete”. Bestetik, 6 eta 10 urte bitartekoei zuzendutako ‘Txirrintxon’ programa antolatuko dute, 18:00etan.
Hala, azaroaren 10, 17 eta 24an (eta abenduak 1) Nagore Laffage parkean egingo dute eta Landetxa-Katea auzoko Arbium plazako frontoi estalian egingo dira. Eta azaroaren 12, 19 eta 26 eta abenduak 3an, San Migel auzuneko Julian Sanchez parkean eta San Juan plazan (euria ari badu, Udaletxeko aterpeetan) egingo dira. Abenduaren 3koa, aldiz, San Juan plazan egin beharrean, Sarjia parkean izango dela iragarri dute.