Azken hilabeteetan Irunen izan diren delituen gorakadari erantzun sendo eta eraginkor bat eman behar zaiola diote jeltzaleek. “Epe laburrean irtenbide bat emateko, neurriak hartzeko garaia da”, esan du Xabier Iridoy jeltzaleak. Izan ere, gaur egun dauden 96 udaltzainekin ez da aski, eta horietariko askok auxiliar postuak direnez, “udaltzain guztiek ez dituzte agente eskumenak, informatzearena baizik”.
Agenteen defizitari buruz ere, LPZn dauden lanpostu guztiak “estalita” ez daudela egiaztatu dutela erantsi du. “Horrek esan nahi du, hirian ez dagoela delituei, gatazkei, eta segurtasun arazoei behar duten erantzuna emango dieten agente nahikorik, gainezkatuak dabiltzalako”, nabarmendu du bozeramaile jeltzaleak. Anartean, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren ERNE sindikatu polizialarekin bilerak egin dituzte jeltzaleek, baita auzo elkarteekin ere. Eta Irungo Ertzaintzaren komisaldegian ere, efektibo gehiago jar ditzan eskaera luzatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Bestalde, Jose Antonio Santano alkateak iragarri duen Udaltzaingoaren lanpostuen urte anitzeko planaren inguruko informazioa gainontzeko talde politikoekin partekatzeko exijitu du. “Komunikabideetan azaldu duen informazioaren berririk izan udaleko bozeramaileen batzordeetan”, kexu da.
Herritarren Segurtasunerako Batzorde Iraunkorra
Bestalde, herritarren segurtasunerako batzorde iraunkor bat sortzea proposatu dute. Joan den uztailan eskatu zuen EAJk iada, baina diotenez ez dute erantzunik jaso. Gaur egun urtean bitan egiten den bilera, anitzagoa izan dadin helburu dute jeltzaleek, Udala, Ertzaintza eta Udaltzaingoaren arduradunak, baina baita gizarte eragileek ere parte hartu beharko lukete, merkatariek, ostalariek edota auzo elkarteek", eta maiztasuna azkartu, “dinamika adostu beharrekoa” bada ere. Batzorde horrek, neurri polizial hutsetatik haratago, “zeharkako hainbat neurri ezartzea ahalbidetuko luke”, segurtasun gabeziaren egoerari erantzuteko.