Hendaiak 'Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Hilabetea' antolatu du. Ekonomia sozial eraldatzailearen alde engaiatua da. Eta tokiko eragileak elgarlanean saretuz, pertsona ekonomiaren erdian ezartzeko xedea dute. Eragile ezberdinen esperientziak partekatzeko ‘Ekin Kolektiboki Foruma’ ospatu zuten larunbatean Aizpurdi lizeo profesionalean. Eta hainbat hitzordu proposatu dituzte hilabetean zehar ere.
Azaroaren 16an Biharko Lurraren Elkarteak, HendaiaKoop eta CPIE Euskal Itsasbazterra erakundeen eskutik, ‘La part des Autres’ filmaren proiekzioa izanen da Hendaiako Gaztelu aretoan. Azaroak 20ean eta 28an, aldiz, Berziklatzearen Eguna eta Elkartasunen Besta ere ospatuko dituzte, Recyclarte, Gurutze Gorria, Hendaiako CCAS eta beste zenbait eragileren eskutik.
Bertako baratzetik tokiko jantegietara
Halere, ekonomiaren erdian helburu sozialak eta pertsona ezartzea xede dutelarik, Hendaiak, Biriatuk eta Urruñak izenpetu duten ‘Zirkuitu laburren’ hitzarmena aurkezteko probestuko dute hilabetea. Lurren kudeaketa ere, helburu sozial eraldatzaileekin egin daitekela erakutsi nahi baitute.
Celine Cotinat, Zirkuitu Laburren eta Elikadura Burujabetzarako hautetsi hendaiarrak argi duenez, "herriko lurrak laborantxa ekologikorako atxiki, eta produktuak eskualdeko jatetxeetara eta jantegi publikoetara bideratzeko zirkuitua" bultzatuko duen hitzarmena izenpetu berri dute hiru herriek. Eta lurren diagnostikoa aurkeztuko dute, azaroaren 18an Antton Abadia aretoan antolatu duten mahainguruan.