Autoen dependentzia-katea eten, eta txirrindaren bizik(l)idetzarako tresna berria du Balaztak

Antxeta Irratia 2021ko aza. 8a, 00:00

Bide luzeena ere lehen urrats batekin hasten da. Hala, abiatu zuen 2016. urtean Balaztak, Bidasoko bizikletaren aldeko elkarteak berea. Orduz geroztik, lan handia egin dute mugikortasun jasangarriaren aldeko sentsibilizazio ekimenetan, baita erabakiak hartzen diren erakunde publikoetako udal batzarretan ere.

Joan den larunbataz geroztik, aldiz, bizikleta uholde bat sortzeko tresna ere badu. Irungo Udalak Larreaundiko parbulario zaharra utzi dio elkarteari, egoitza eta tailer bilaka dezan. Irekiera ekitaldia egin du Balaztak, eta Irun-Hondarribian bizikleta zaharrak berritzeko #BirZiklatu proiektuaren baitan, tailerra baliatuko dute mugikortasun jasangarrirako trantsizioan txirrindek "bizik(l)idetza"ren gurpilari eraginez kalea har dezaten.

Hiri-bizikletak merke eskura

Udalek, jende partikularrek, garbigunetatik zein Desguaces Bidaurreta enpresak eman dizkieten ehun bat bizikleta zaharrekin hasi dira iada. Eta Gipuzkoako Oiartzun, Tolosa edo Azpeitian antzeko proiektuekin harremanetan badira ere, Hendaian bigarren eskuko bizikletak berreskuratzeko lanetan dihardun Recy'clarte elkartearekin ere harremanak estutu nahi dituzte. Gorka Obeso, Balazta elkarteko lehendakariak dioenez, "Iparraldetik asko daukagu ikasteko, dinamika garatuagoa baitago zentzu honetan, hiri-bizikletak desplazamenduetarako berrerabiltzearena".

Irunen, momentuz, lehen urratsa emana dute. Eta elkarteko bazkideek, bizikletak bertan konpondu, piezak 1 eta 3 euro artean eskuratu edota bigarren eskukoak 10 eta 80 euro arteko prezioetan eskuratzeko eskubidea dute. Horretarako, urtean 20 euroko bazkidetza (10 euro langabe eta ikasleen kasuan) besterik ez da egin behar.